Hala ezarria zegoen Espainiako Gobernuak memoria demokratikoari lotuta urte osorako iragarritako egutegian, eta Fernando Martinez Memoria Demokratikorako estatu idazkariak baieztatu du gaur: Eibar eta bertako Untzaga plaza (Gipuzkoa) memoria gune izendatuko dituzte. Horretarako arrazoiak: Espainiako II. Errepublika aldarrikatu zuen lehen udalerria izatea eta 36ko gerran bonbardaketak pairatu izana.
Gaur goizeko ekitaldian, Martinezek «balio demokratikoen» defentsa egin du, esanez horiek ezin direla inolaz ere erortzen utzi: «Elkarbizitza, aurrerapena eta, orokorrean, herrien aurrerapausoak argitzen dituzte». Are gehiago, balio horien ikurtzat jo du Eibar, eta eibartarrak «harro» egoteko moduan direla gehitu du. Haiei dei egin die euren ondorengoei hiriaren historiaren berri eman diezaieten: «Askatasunak lortzeak denbora asko eskatu zuen, baina edonoiz galdu daitezke; are gehiago mundu osoan olatu erreakzionario bat dagoenean».
Maria Jesus San Jose Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak ere adierazi du Eibar II. Errepublikari eta «balio demokratikoei» lotua dagoela. Eta Untzaga plaza hizpide hartuta, hura hiriaren «bihotz politiko eta soziala» dela adierazi du, XIX. mendetik egitasmo ugariren lekuko izan delako, tartean 1931ko aldarrikapen hura: «Keinu sinboliko hura hiriak ideia errepublikazaleekin, askatasunarekin eta justizia sozialarekin zuen konpromisoaren irudia izan zen».
Eibarko Udalak egin zuen hiria memoria gune izendatzeko eskaera, 2023ko maiatzean. Eskaera egiteko oinarri gisa, udaletxearen eta Unzaga plazaren «garrantzi historikoa» aipatu zituen Jon Iraola alkateak. Eta, izendapena onartuta, pozik azaldu da, aitortza «memoria kolektiboa babesteko» urrats garrantzitsua delakoan.
Eibar memoria gune izendatzeko bi arrazoi daudela azaldu dute. Batetik, Espainiako II. Errepublika aldarrikatu zuen lehen udalerria izatea, 1931ko apirilaren 14an. Bestetik, frankistek hura bonbardatu izana, 36 gerra betean, 1937ko apirilean.
Eibar ez da memoria gune izendatzen duten lehen euskal udalerria. Duela urtebete, Gernika-Lumo (Bizkaia) memoria historikoaren leku izendatu zuten, 1937ko apirilaren 26an jasandako bonbardaketak gogoan. Memoria gune dira Irun (Gipuzkoa) eta Hendaia (Lapurdi) arteko Etorbidearen zubia eta Gasteizko San Frantzisko eliza ere.
Era berean, 2022ko ekainean Espainiako Gobernuak eta EH Bilduk akordio bat sinatu zuten Ezkabako gotorlekua (Nafarroa) eta Donostiako La Cumbre jauregia ere memoria gune bihurtzeko. Ezkabari dagokionez, Espainiako Gobernuaren egutegiak aurreikusten du izendapena hilabete honetan egitea.