EHUren sinadura bilketari beste batekin erantzun dio IAk, eta unibertsitateak Israelekin duen «harreman oro» eteteko eskatu

Poliziari campusetan sartzea debekatzeko ere eskatuko dute. Unibertsitateko elkarbizitza suntsitzen duten ikasle talde txikien «mamua» sortu izana leporatu dio errektoretzari.

Ikasle Abertzaleak
Ikasle Abertzaleek Leioako campusean eginiko agerraldia. ARITZ LOIOLA / FOKU
Olatz Silva Rodrigo - Imanol Magro Eizmendi
Leioa
2024ko martxoaren 18a
18:40
Entzun

EHUk argitaratutako Unibertsitate publikoaren eta bertoko ikasle eta langileon alde adierazpena salatu du gaur IA Ikasle Abertzaleak taldeak. Leioako campusean egindako agerraldian, salatu dute agiri horrek unibertsitatean egunero bizi duten errealitatea ezkutatzea duela helburu: «Agiri hori unibertsitateko testuinguruan kokatzen baldin badugu, errektoretzaren interes korporatiboen aldeko mugimendua dela ikus dezakegu, eta unibertsitateko ikasle eta langileon aurkako eraso moduan ulertzen dugu». Halaber, adierazi dute «kezkagarria» zaiela «EHU hartzen ari den norabidea». Hortaz, sinadurak biltzen hasiko dira, exijitzeko Polizia unibertsitatera ez sartzea eta eskubide politikoak bermatzea, baita EHUk Israelekin duen harreman oro etetea ere.

EHUk «elkarbizitzaren» aldeko adierazpen bat argitaratu zuen joan den astean, eta hari erantzun nahi izan dio IAk. EHUk bere agirian jaso duenez, nahi dute «unibertsitateko eremu publikoak askatasun eta gozamen eremu» izan daitezela: «Nahi dugu unibertsitateko langile eta ikasle guztiok berton eroso eta seguru sentitzea, nahi dugu askatasunez adierazi ahal izatea eta elkarrizketan askatasunez aritu ahal izatea, eta besteei gauza bera egiten uztea». Agiri horrek 1.700 atxikimendu jaso ditu jada; besteak beste, Eva Ferreira errektoreak sinatu du, eta beste hainbat errektoreordek, dekanok eta irakaslek. Ikasle batzuek ere bai.

Klaustroko 128 kide, isilaraziak

Agiri horren kaleratzea Zibersegurtasun Katedra sortzearekin lotu du IAk. Hain zuzen, otsailaren 22ko Gobernu Kontseiluan, EHUk Zibersegurtasuneko Katedra sortzea onartu zuen, iazko urrian Incibe Zibersegurtasunerako Espainiako Institutuarekin hitzarmena sinatu ondoren. Akordioaren arabera, «xedea da zibersegurtasunaren arloan ezagutza ez ezik pertsonen eta erakundeen gaitasunak ere garatu daitezen sustatzea, Inciberekin batera». Halaber, «lankidetza» sustatu nahi dute, «nazioarteko erreferentziazko» unibertsitateekin. «Hala nola Tel Aviveko Unibertsitatearekin».

EHUri leporatu diote akordio horrek sortutako «irudi txarra» garbitzeko argitaratu izana agiria. «Agiri honetan esandakoak baliorik gabeko hitz hutsak baino ez dira; Israelgo estatu sionistaren genozidioa salatu eta horren aurrean jarrera aktiboa eduki ordez, EHUko errektoretzak Israelgo estatuarekin akordioak egitea erabaki baitu». Horrez gain, IAren arabera, klaustroko 128 kide Israelekin kolaboratzearen aurka agertu ziren, eta errektoretzat «bozketak baliogabetu» egin zituen oposizioa bertan behera uzteko.

IAk salatu du «unibertsitate eredu poliziala» gailentzen ari dela EHUn, eta errektoretzak «rol aktiboa» duela prozesu horretan.

Polizia unibertsitatera ez sartzeko ere eskatu dute. IAren arabera, «unibertsitate eredu poliziala» gailentzen ari da EHUn, eta errektoretzak «rol aktiboa» betetzen du prozesu horretan. Izan ere, Ertzaintza Gasteizko campusean sartu zen otsailaren amaieran. IAk deituta, Herri Unibertsitatea egiten ari ziren bertan. Otsailaren 28ko gauean, baina, Ertzaintzak indarrez kanporatu zituen Letren Fakultatean gaua pasatzen ari ziren zenbait gazte.

Ertzaintzaren oldarraldiaren ondorioz, bigarren eguneko egitaraua bertan behera uzten erabaki zuten, gertatutakoa eta «oro har EHUren izaera poliziala salatzeko». Hurrengo egunean mobilizazioa egin zuten ikasleek, «jasandako errepresioa salatzeko». Gaur gogoratu dutenez, «errektoretzak muzin egin zion elkarrizketari, aterabide poliziala lehenetsi zuen, eta, ondoren, ez zuen inolako adierazpen publikorik egin».

Herri Unibertsitateko gertakarien harira, adierazi dute errektoretzak eraso egiten diola propaganda egiteko eskubideari, ikasleen gune propioak itxi dituztela, eta politika egiteagatik espedienteak ireki dizkietela ikasle ugariri. «Kontrol sozialean sakondu,  eta segurtasun enpresa pribatuetan eta kameretan inbertitzea» ere egotzi diote unibertsitateari. Halaber, unibertsitateko elkarbizitza suntsitzen ari diren «ikasle talde txikien mamua» sortu izana leporatu diote. Egunotan bilerak egingo dituzte fakultateetan, atxikimendu kanpaina zabaltzeko.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.