Espainiako Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Estatu idazkari Juan Cruz Cigudosak herenegun Espainiako Kongresuko Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Batzordean egindako adierazpenek piztu dute orain EHU Euskal Herriko Unibertsitatean ordezko irakasleen prekaritatearen kontra ari diren eragileen kritika; aspaldi salatzen ari dira propio EHUk LOSU Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoaren inguruan egindako irakurketa «hertsia» dela prekaritate horren motibo nagusia, eta adierazi dute Cigudosak ere, hain justu, hizpide izan duela EHUko Errektoretzaren irakurketa «murriztaile» hori.
«Hain zuzen ere, guk denbora honetan guztian salatu dugun hori berretsi du, alegia, sakoneko arazoa ez dagoela legearen espirituan, EHUk egin duen irakurketa hertsi eta murriztailean baizik», azaldu du gaur plazaratu duen ohar batean EHUko Prekarioen Koordinakundeak. Sareetan-eta zabaldu dira Cigudosak egindako adierazpenak, eta bai, argi dio legearen gaineko irakurketa «hertsienetarikoa» egin duela EHUk, badela hor lanketa bat egiteko, eta halaxe adierazi izan diotela EHUko errektoreari.
Koordinakundeak zehaztu du propio EH Bilduko parlamentari Marije Fullaondok gaiari buruzko galdera egin ziola Cigudosari, eta hark adierazi ziola «jarrera eraikitzaile eta aktiboa» eskatu behar izan diola EHUko Errektoretzari auziaren inguruan. Hortik langileen ordezkarien kritika EHUko buruzagitzari: «Legearen irakurketa okerra egin ostean, gainera, borondate eskasa erakusten ari da auziari irtenbide azkar bat emateko».
Koordinakundeak gogora ekarri nahi izan du Eusko Legebiltzarrak ere eskea egina diola EHUko Errektoretzari ikerketa eta irakaskuntza batzeko kontratazio politika bat egiteko, eta, era horretan, ordezko irakasleen lan baldintzak hobetzeko. Esan dutenez, erantzunik ez dute jaso, ordea. Urtebete baino gehiago da LOSUren ondorioekin arduratuta lehen batzarra egin zutela; orduan salatu zuten 800 euro edo gutxiago kobratzeko bidean jartzen dituela ordezko irakasleak. Bi greba ere egin dira propio prekaritatearen aurka, ordezko irakasleen gaineko aldarria lehen lerroan egon da, baina, langileen arabera, ez dute aldaketarako mugimendurik ikusi.
Eta lehengoan daude langileen ordezkariak: LOSU ez da traba gaindiezina lan baldintzak hobetzeko. «Berriki jakin dugu, baita publiko egin ere, badirela estatuan unibertsitateak bestelako irakurketa bat egin dutenak eta, ondorioz, ikerketa kudeaketa aintzat hartuz, soldata duinak bermatzen ari direnak. Jakina, ez da gure kasua», azaldu dute.
LOSUrekin lotutako aldarrikapen nagusien artean dago lege hori indarrean sartu zenetik ordezko irakasleei ez zaiela osoko jarduna aitortzen, eta «miseriazko soldatak» ordaintzen dizkietela ondorioz.
Errektoretzaren erantzuna
EHUko Errektoretzak, langileen kritikaren harira, zera esan du: Eva Ferreira errektoreak otsailaren 23an bilera bat izan zuela Cigudosarekin, ordezko irakasleen jarduna arautzen duen 80.1 artikulua propio aldatzeko eskatu ziola hari, horretarako modua «balegokeela» erantzun zuela hark, baina ordutik eskabidearen gaineko inolako berririk ez dela heldu Madrildik. Horregatik, «harrigarriak» iruditu zaizkio Cigudosak asteon egindako adierazpenak.
Horiek horrela, «jarraibide argi bat» eskatu dio adierazteko unibertsitateak «inolako lege arazorik» gabe eta «lege aldaketaren baten zain egon gabe» egin ahal izango dizkiela ordezkoei lanaldi osoko kontratuak. «Idatzizko jarraibide horiek eskuratu ahala, EHU prest dago lanaldi osoko langileen ordezko irakasleak lanaldi osoan kontratatzeko», agindu du.