Faxismoaren aurkako festa bihurtu da Voxek Errenteriara (Gipuzkoa) egindako bisita. Eskuin muturreko talde txiki batek karpa bat jarri du gaur goizean, eta pertsona horiek Errenteriako herriaren gaitzespen argia jaso dute. Ikurrin handiak, Palestinako banderak, feminismoaren aldeko aldarriak, euskal musika ozen... Voxeko kideek argi entzun eta ikusi behar izan dute aurrez aurre jarri zaizkien ehunka pertsonen arbuioa, besteak beste Voxeko legebiltzarkide Amaia Martinezek. Ertzainak babestuta egon dira eskuin muturreko alderdiko ordezkariak, eta, tentsio une batzuk egon diren arren, ez da azpimarratzeko moduko istilurik izan.
Atzo, manifestazio jendetsua egin zuten Errenterian. Errenteriako Herri Ekimenak antolatu zuen, eta, manifestazio amaierako mezuan, gogorarazi zuten eskuin muturrak «eskubideetan atzera egitea» dakarrela, eta «askatasunaren eta eskubideen alde pauso bat aurrera» ematera deitu dute.
Manifestazio buruan, hizki larriz «Oldarraldi faxistaren aurrean askatasuna» zioen kartel bat zeramaten antolatzaileek, eta, atzerago, «Eman ostikoa faxismoari» zioen beste bat. Kalea jendez mukuru zegoen, eta errenteriarrek ozen egin dute oihu eskuin muturraren presentziaren aurka. Ikurrin ugari ikusi dira tartean.

Gaurko agerraldiari erantzuteko asmoz, balkoiak eta kaleak aldarriz betetzera deitu zuten, eta Errenteriako erdialdea horrela esnatu da gaur. «Voxen edo faxismoaren edozein adierazpen gutxiesteko eta probokazioei ez erantzuteko eskatzen dugu», oharazi zuten antolatzaileek, eta helburu hori bete da, nahiz eta ehunka izan diren karpa faxistaren aurrean zuzen-zuzenean euren arbuioa adierazi dutenak.
Voxeko karpa ibiltaria
Azkenaldian, Vox antzeko karpak jartzen ari da Euskal Herrian. Berriki, hala egin du Nafarroan: besteak beste Iruñeko Arrotxapea auzoan eta Berriozarren. Bietan oldartu zitzaizkien herritarrak eskuin muturrekoei, eta Foruzaingoa, berriz, herritarrei. Gaur antzeko karpa bat jarri du Lasarte-Orian, eta bihar Irunen beste bat jartzekoa da.
Errenterian, adierazpen instituzional bat sinatu dute udaleko talde guztiek; EH Bilduk, PSE-EEk, EAJk, Elkarrekin Podemos-Ezker Anitzak eta PPk, alegia. Voxek ez du ordezkaritzarik udalean.