Ehunka lagunek oroitu dute hildako nerabe transexuala, Ondarroan

Udalak hiru eguneko dolua ezarri du; ostegunean bere buruaz beste egin zuen 16 urteko gazteak

Hamabost minutuko bilkura isila egin zuten Ekairen omenez, Ondarroako udaletxe aurrean. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
Jon Ander De la Hoz.
2018ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Ehunka lagunek parte hartu zuten atzo Ekai Lersundi oroitzeko ekitaldian, Ondarroan (Bizkaia). 16 urteko nerabea ostegunean aurkitu zuten hilik, bere buruaz beste eginda. Adingabe transexualen familiak biltzen dituen Euskal Herriko Chrysallis elkarteak deitu zuen elkarretaratzera, eta hamabost minutuko bilkura isila egin zuten bertaratutakoek, Ekai, maite zaitugu zioen pankartaren inguruan bilduta. Nerabearen senideek ere parte hartu zuten ekitaldian, Chrysallis elkarteko kideekin, herritarrekin eta Ondarroako Udaleko ordezkariekin batera.

Deitzaileek bilkuraren amaieran azaldu zutenez, «minduta eta haserre egon arren, gure seme-alabei diegun maitasunagatik lanean jarraituko dugu». Ondarroako Udalak, nerabearen senide eta lagunei babesa adierazteaz gain, «aurrera begira lanean jarraitzeko» beharra azpimarratu du. Hiru eguneko dolua ezarri du.

Erroldan izen aldaketa lortzeko prozesuan zegoen nerabea; halaber, Gurutzetako ospitalean hormona tratamenduaren zain zegoen. Udalaren arabera, azken urteetan «zenbait erakundek ezarritako oztopo ugariri» aurre egin behar izan dio nerabeak.

Euskal Herriko Chrysallis elkarteak ere azpimarratu du«eguneroko borrokan» aritu behar izan duela Ekaik. Elkartearen arabera, bere institutuan formakuntza saio bat egiteko eskatu zuen adingabeak, komunitateak haren errealitatea ulertu eta errespetatuzezan, baina ikastetxeak ez zuen halakorik egin. Adingabe transexualak babesteko lege bat galdegin du Chrysallisek.

Ondarroan ez ezik, Iruñean, Donostian eta Gasteizen ere egingo dituzte nerabearen omenezko elkarretaratzeak. Gaur eguerdian egingo dituzte Iruñean eta Donostian, herritarrak udaletxeenaurrean bilduta. Aldiz, Gasteizen bihar egingo dute. 19:00etan izango da, Andre Maria Zuriaren plazan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.