Jose Mari Perez Txuri euskal presoa askatzeko eskatu zuten atzo ehunka herritarrek Zarautzen.Kondena osoa beteta izan arren, Burgosko (Espainia) kartzelan dago. 2008ko abenduan geratu behar zuen libre, baina zigorra luzatu zioten, 197/2006 doktrina ezarrita. Urtarrilaren 31n bihotzekoa izan zuen.
Foruen plazatik abiatu zen protesta, arratsaldeko seiak inguruan. Handik Musika Plazarantz jo zuten, Barren plaza igaro, eta Azken Porturaino, trenbide azpitik pasata, «Txuri etxera», «Euskal presoak kalera», «Amnistiarik gabe, bakerik ez» eta gisako aldarriak oihukatuz. Mundo Mejorren, Txuriren amaren etxe parean, geldialdia egin zuten. Presoaren ama, Isidra Diaz, leihoan zen, eta, txalo zaparrada eskaini ostean, abestu egin zioten bildutakoek. Handik, Araba kalean barrena, Poligonotik, trenbide azpitik pasatu, Gipuzkoa kalea hartu, eta handik Nafarroa kalerako bidea hartu zuten. Musika Plazan amaitu zuten manifestazioa. Ibilbidearen azken zatia ilunpetan egin zuten, argia joan baitzen Alde Zaharrean.
Musika Plazan Txuriren arreba Pili Perezek hartu zuen hitza. Atzo bertan izan ziren anaia bisitatzen, eta «osasunez pattal, normala den bezala, baina animatuta» dagoela jakinarazi zuen. Ospitalea utzi, eta ziegan da berriz zarauztarra. Azken berrien ostean, Zarautzbidean ekimeneko bozeramaile batek egin zituen adierazpenak. Parot doktrina deiturikoa dela medio, Euskal Preso Politikoen Kolektiboa gero eta zaharragoa dela gogorarazi zuen, eta haien osasun egoera txarrari egin zion erreferentzia.
Egoera politiko berrian euskal presoen zereginak duen garrantzia nabarmendu zuen. «Aurrera egin dezagun, euskal presoek asko dute esateko eta egiteko». Bide beretik, presoen aldeko ekimenetan parte hartzeko eskatu zieten bildutakoei, eta txaloak eskatu preso zarauztarren guraso eta senideentzat.
Poitierseko (Frantzia) espetxearen aurrean ere elkarretaratzea egin zuten atzo hainbat lagunek, han dauden lau euskal presoek egindako plantoa babesteko. Prozesu demokratikorantz urratsak egin ordez, Frantziak «are gehiago gogortu» duela preso politikoei aplikatzen dien politika salatu zuten. Gaineratu zuten Poitiersekoa ez dela kasu isolatua, Frantziako beste espetxeetan ere gertatzen dela.
Ehunka lagunek eskatu dute 'Txuri' etxeratzeko
2008an kaleratu behar bazuten ere, '1997/2006 doktrina' dela medio dute oraindik espetxean preso zarauztarraPoitierseko espetxearen aurrean elkarretaratzea egin dute hainbat lagunek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu