Senitarteko, lagun eta Donibane auzoko militanteek azken agurra eman zioten atzo Xabier Rey Urmeneta euskal preso zendu berriari. Ikurrina eta banderola artean, ukabila goran jarrita, ehunka lagunek ireki zioten bidea hilkutxari. Malko, txalo eta oihu artean egin zioten harrera. Antxo gogoan zaitugu eta Herriak ez du barkatuko lelo artean. Txiki gelditu zen Iruñeko hilerria.
Donibane bere auzoko bi kidek dantzatu zioten aurreskua ibilbidearen amaieran, eta haren aldeko ekitaldi hunkigarria egin zuten ondoren. Sanduzelai ikastolako kideek, lagunek... hartu zuten hitza, eta guztiek gogoratu zituzten haren «aldarte ona eta irribarrea» eta, gertatutakoak gertatu, horrela gogoratu eta gogoraraziko dutela nabarmendu zuten euren hitzaldietan. Baita Miren Zabaleta Sortuko Nafarroako koordinatzaileak ere —Reyren ikaskidea izandakoa hura ere—. Kontatu zituen ikastolan txikitan gertatutako pasadizoak, nabarmendu zuen haren «berezko irribarrea», eta salatu zuen haren «hilketa».
«Antxo hemendik 1.000 kilometrora baino gehiagora hil dute. Herri honen askatasun nahia akabatu nahi duen krudeltasunezko politikak hil du», deitoratu zuen Zabaletak bere hitzaldian. Eta politika horren buru egin zituen Espainiako Gobernua eta PP alderdia, «baina ez dira konplizerik gabe ari».
Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bizikidetza idazkaria ere mintzatu zen Rey Urmenetaren heriotzari buruz, atzo. Fernandezek esan zuen hiru alor baloratu behar direla horrelakoetan: senitartekoei eta lagunei adierazi beharreko «dolumina», espetxe politika «ezberdin» bat eskatu beharra, eta horrelako egoeretan biktimek merezi duten «kontsiderazioa». Eta horiek guztiak elkartzeko ahalegina egin behar dela, eta badagoela formula bat horretarako: «Errespetuzko jarrera».
Xabier Rey hilik agertu eta hurrengo egunetan EAJren eta PSEren hainbat egoitzatan agertutako pintaketak ere izan zituen hizpide Fernandezek. Horrelakoak egitea «iraganera itzultzea» dela nabarmendu zuen, eta «gaitzetsi» egin behar direla «modu konpartituan».
EAJk ezker abertzaleari eskatu dio gaitzesteko pintaketa horiek, eta haiei egotzi die horien ardura. Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak erantzun egin zien atzo jeltzaleei: «EAJk oso ongi daki ezker abertzalea ez dagoela pintaketa horien atzean. EH Bilduk beti esan du era horretako ekintzat ez datozela bat bere kultura politikoarekin. Ez zait iruditzen politikoki egokia denik, ez eta inolako ekarpenik egiten duenik ere». Errua elkarri botatzen aritu beharrean, konponbideak jartzeko eskatu zuen Otegik.
Kalera Kalera dinamikak deituta, manifestazio bat egingo dute gaur Iruñean (17:00), Xabier Reyren heriotza salatzeko. AVT biktimen elkarteak, ordea, manifestazio hori debekatu dezala eskatu dio Espainiako Auzitegi Nazionalari. Idatzi bat igorri dio, eta esan terrorismoaren biktimen errekonozimendurako legeak debekatu egiten duela «terrorismoa edo terroristak banaka edo taldeka goratzea». Hori dela eta, Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariari eskatu dio zaindu dezala manifestazio hori, «ez dadin biktimen duintasuna urratu».
AVTren eskaria jaso baino lehen egin du Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkariak mugimendua, ordea. Eta biharko manifestazioa ez ezik, egun hauetan Xabier Rey Urmenetaren alde antolatu diren harrera eta bestelako ekitaldiak ere iker ditzala eskatu dio Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzari. Espainiako Polizia ekitaldi horiei buruzko txosten «zehatza eta grafikoa» osatzen ari dela jakinarazi dute, eta legegintzaldi honetan Nafarroan horrelakorik gerta ez dadin lanean ari direla.
Ehunka lagunek eman diote azken agurra Xabier Reyri, Iruñeko hilerrian
Haren «aldarte ona eta irribarrea» gogoratu dituzte senitartekoek eta lagunek. AVTk gaurko manifestazioa debekatzeko eskatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu