Administrazioan euskaraz aritzeko eskubidea aldarrikatu, eta «botere judizialaren oldarraldia» salatu zuten ehunka lagunek atzo eguerdian, Laudion (Araba), Gasteizko epaile batek hango udalaren kontra asteon emandako epaiari erantzunez. 2020an zegokion hizkuntza eskakizuna ez egiaztatzeagatik kaleratutako bitarteko funtzionario ohi baten alde egin zuen epaile horrek, besteak beste euskara munduko hizkuntza zailenen artean dagoela argudiotzat erabilita.
Euskalgintzaren Kontseiluak eta Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluak deitu zuten elkarretaratzera, eta azken eragile horretako kideek adierazpen bateratu bat irakurri zuten amaieran: «Euskaldunok administrazioarekin aritzeko eskubidea ez dugu bermatua, eta hori lortu behar dugu. Administrazioa euskaldundu behar dugu», adierazi zuten. Gaineratu zuten xede hori duen Bai we can! egitasmoa aurkeztu zutela 2019an, eta hartara atxiki zirela Aiaraldeko alderdi politiko gehienak. Orain arte Aiaraldeko udalen konpromisoa lortu dutela azaldu zuten, eta ez dela inolako arazorik izan. Salbuespen bakarra Laudioko Udaleko hizkuntza eskakizunekin gertatutakoa dela salatu zuten. Euren helburuetan berretsiz amaitu zuten hitzartzea: «Ez dugu arrotz izan nahi gure herrian. Ez diogu gure izateari uko egin nahi. Ez ditugu gure eskubideak hutsean laga nahi», adierazi zuten.
Botere judizialaren «estrategiaren» barruan kokatu zuen epaia, bestalde, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak, eta horren helburua «jurisprudentziaren» bidez hizkuntza eskubideak murriztea dela salatu. Halakoei «batasunez» erantzutera dei egin zuen.
Ehunka lagunek arbuiatu dute Laudioko Udalaren kontra emandako epaia
Administrazioarekin euskaraz aritzeko eskubidea defendatu dute, eta botere judizialaren «oldarraldiari» batuta erantzuteko deia zabaldu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu