«Gaur ere, duela urtebete bezala, Gernikako kaleak hartu ditugu». Ehunka lagun bildu dira gaur Gernika-Lumoko (Bizkaia) kaleetan, Guk sinisten zaitugu, eta zurekin gaude! lelopean egindako manifestazioan. Mario Lopez saskibaloi entrenatzailearen aurkako sexu abusuen salaketaren berri eman zenetik urtebete igaro den honetan, herriko Sare Feministak deitutako mobilizazioan parte hartu dute herritarrek. Sare Feministako kideek salatu dute prozesu judizialak «birbiktimizazio arriskuak» dakartzala, eta, horregatik, biktimari babesa ematea eta elkartasuna adieraztea dela euren ekarpena.
Manifestazio amaieran irakurritako adierazpenean, hainbat eragilek eta norbanakok ekintzaren garrantzia nabarmendu dute, eta Lopezi eta «haren konplizeei» mezu argia bidali diete: «Ez zaitugu gure kaleetan nahi». Era berean, gogor kritikatu dute saskibaloi taldeko zuzendaritzaren jarrera, «benetako ardurarik» hartu ez izana leporatuta.
Mario Lopez, 11 urtez Lointek Gernika saskibaloi taldeko entrenatzailea izan zena, 2022ko ekainean salatu zuten lehen aldiz, adingabe bati hiru urtez sexu abusuak egiteagatik. Abusuak 1998an hasi ziren, biktimak 13 urte zituenean, eta Lopezek —garai hartan 31 urte zituen— biktimarekin zuen entrenatzaile harremana baliatu zuen erasoa gauzatzeko. Salaketaren arabera, ukituak eta abusuak saskibaloi partiden aitzakian gertatzen ziren, eta, horrez gain, biktimak mehatxuak eta kontrola ere jasan zituen tarte horretan.
Manifestazioaren antolatzaileek adierazi dute lehentasuna dela abusuak salatu dituen emakumeari babesa ematea. Sare Feministako kideen hitzetan, «urte zail honen ostean, herritarrok ez dugu beste alde batera begiratu nahi izan». Eta eskerrak eman dizkiete mobilizazioarekin bat egin duten 1.300 norbanakoei eta eragileei, nabarmenduta haien atxikimenduak «epaiketa zail bati aurre egiteko indarra emango» diela. Bereziki eskertu dute ondorengo hauek emandako babesa: Guadalupe, Maddalen eta Ariane, Lilibertso eskola, Gernika errugbi taldea eta Bermeoko mugimendu feminista.
Ikusi gehiago
Erasotzaileen aurkako neurriak eskatzeaz gain, kirol munduan indarkeria matxistaren aurkako prebentzio sistemak indartzearen alde egin dute. Gernika-Lumoko Udalari egindako eskaeren artean, mahai espezifiko bat eratzeko beharra azpimarratu dute, sexu indarkeria lantzeko eta kirol eremuan segurtasun handiagoa bermatzeko: «Zorionez, gero eta jende gehiago dago prest isiltasuna apurtzeko eta sexu indarkeriaren aurka egiteko. Baina oraindik bide luzea dugu egiteko».
Manifestazioaren amaieran, irmotasunez aldarrikatu dute beren jarrera, epaiketaren atarian itxaropen mezua bidaliz. Argi dute «sexu indarkeriaren aurka zigor kodea ez dela aski», baina, epaitegian hartzen den erabakia edozein dela ere, beti esango dutela: «Guk sinesten zaitugu, eta zurekin gaude».
Epaiketa, urtarrilean
Bizkaiko Auzitegiak darama kasua, eta urtarrilean hasiko da ahozko epaiketa. Fiskaltzak hamalau urteko espetxe zigorra eskatu du Lopezentzat, baita hamar urtez biktimaren herrira hurbiltzeko debekua ezartzea ere. Kasuak haserrea eta erreakzio gogorrak sortu ditu herrian, ez soilik erasoen inguruan, baita saskibaloi taldeko zuzendaritzaren jarreraren inguruan ere.
Abusuen berri izan ondoren, Gernika-Lumoko Sare Feminista klubeko zuzendaritzarekin harremanetan jarri zen, «egoerari irtenbide bat emateko». Hala ere, taldeko zuzendaritzak entrenatzaile bat ordezkatzea «zaila» zela argudiatu zuen, eta, azkenean, Lopezek jarraitu zuen bere karguan. Erabaki horrek kritika gogorrak eragin zituen feministen eta herritarren artean, eta Sare Feministak zuzendaritzari «gezurretan eta manipulazioetan» oinarritutako kudeaketa leporatu dio. Are gehiago, erasoa salatu zuen emakumeari babes nahikorik ez ematea aurpegiratu diote klubari, urtebete pasatu den honetan ere erantzun egokia eman ez duelakoan.