Festa eta aldarrikapena uztartu dituzte gaur ehunka lagunek Amaiurren (Nafarroa). Amaiurko batailaren 500. urteurrena gogoratzeko ekitaldi nagusia egin dute Nafarroa Berriz Altxa dinamikak antolatuta, eta, haien arabera, «gaurkotasun handiko aldarrikapen bat» egiteko baliatu dute: «Errotik ezberdina izango den burujabetza eredu bat» aldarrikatu dute.
11:00etarako ailegatu dira autobusak Amaiurrera, eta, 11:30ean, ekitaldia egin dute herrian; ondotik, hiru kilometroko oinezko martxa, eta, azkenik, herri bazkaria eta festa Elizondon —bazkariko diruarekin Aroztegiaren aurkako mugimendua eta Erdiz Bizirik lagunduko dituzte—. Trikidantz, Madame Birrots eta Irrien Lagunak izango dira han.
#Amaiuraldia
— Gure Esku (@Gure_Esku) June 5, 2022
ð;Â;ŸÂ—£ï¸;Â; "Pertsona libreak, herri libre batean" [...] "geure etorkizuna libreki erabaki eta eraiki nahi dugu, inolako inposiziorik gabe, iraganeko konkista eta erresistentzia gerlak ez daitezen inoiz ere errepika, gure asmoa beste mundu bat eraikitzea baita. Gora Amaiur! pic.twitter.com/7FHTl5kpX3
«500 urte beranduago, hemen gaude, zutik. Eta ez gaude bakarrik, gainera: Katalunia, Irlanda, Gales, Korsika, Galizia eta estaturik gabeko gainontzeko herriak», esan dute, amaieran, antolatzaileek. «Denon artean gure nahiak lotu ditzagun, eta altxa dezagun olatu subiranista bat, gure herrien biziraupen nazionala bermatuko duena eta, batez ere, errepublika berriak eraikiz, mundu berri bat posible egingo duena».
Ekitaldian izan dira Euskal Herri osoko ordezkariak: Irati Elizalde Gipuzkoatik, Txema Ramirez de la Piscina Arabatik, Oier Errementeria Bizkaitik, Klara Rouget Ipar Euskal Herritik eta Mieljoxe Ariztia Nafarroatik. Nafarroa Berriz Altxa dinamikaren aldetik, Floren Aoizek, Amagoia Susperregik eta Joseba Compainsek hitz egin dute, eta han izan da Isabel Aleman Amaiurko alkatea ere.