Ehunka pertsona elkartu ziren atzo eguerdian Azpeitiko plazan (Gipuzkoa), herritar talde batek deituta, Nagore Alkorta alkateak Corrugadosen irekieraren auzian eginiko kudeaketa babesteko eta hari sostengua adierazteko. Alkortak, hunkituta, eskerrak eman zizkien bertara joandakoei: «Gaur [atzo], Azpeitiko herriak hitz egin du. Herriaren hitzaren gainetik ez dago ezer. Egon seguru guk eutsi egingo diogula. Gure proiektua Azpeitia da; beraz, hel diezaiogun batzen gaituen horri, eta jarrai dezagun Azpeitia hobeago bat egiten».
Amaia San Vicentek ere hartu zuen hitza, mobilizaziora deitu zuen taldearen izenean: «Nagore jarri dute jopuntuan, baina herritar asko ere minduta sentitu gara. Horrek ekarri gaitu herriko plaza honetara, Nagore babestera eta Corrugados auzian izan duen jarrera gure egitera». Izan ere, uste dute, «gezurraren aurrean, argumentuak» erabili dituela Alkortak: «Irainaren aurrean, errespetua; interes politiko eta ekonomikoen aurrean, zintzotasuna eta herriaren zaintza». Horrez gain, San Vicentek adierazi zuen herriaren aurkako «jarrera itsuari horma bat» jarri ziotela atzo.
Eztabaida politikoa
Azken egunetan eztabaida politikoa zabaldu da Corrugadosek Azpeitiko lantegia zabaltzeko aukeraren harira. Alkortaren azalpena da CL taldeak ez duela proiektu ekonomiko sendorik aurkeztu, eta ezinezkoa zela lantegia oraingo lursailean irekitzea, 2013ko hirigintza planak debekatzen duelako hor industria jarduera kokatzea. Arantxa Tapia Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburuak, ordea, ukatu egin du udalaren tesi nagusia.
Atzo, Maria Eugenia Arrizabalaga EAJko Euzkadi Buru Batzarreko kideak Radio Euskadin esan zuen «aukera historiko bat» galdu dela, eta udalak ez duela «borondate politikorik» izan proiektua aurrera ateratzeko. Iker Casanova EH Bildukolegebiltzarkideak, berriz, EAJri egotzi zion «manipulazio estrategia bat» erabiltzea: «Badirudi soilik eurek dutela aire garbia arnasteko eskubidea; gainerakoei etxeko atarian jartzen dizkiguzue fabrikak».
Ehunka lagun batu dira Azpeitiko plazan, Alkorta alkateari babesa emateko
Deitzaileek diote «beren» egiten dutela Nagore Alkortak Corrugadosen auzian izaniko jarrera. EAJk uste du «aukera historiko bat» galdu dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu