Ehunka lagun atera dira kalera ezkerraldean, prekaritatearen eta gastu militarraren kontra

Zaintza sistema «erantzukide» bateranzko bidea egiten hasteko eskatu dute hainbat eragilek eta sindikatuk.

Bilbo ezkerraldean manifestazioa egin dute, gaur. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Bilbo ezkerraldean manifestazioa egin dute, gaur. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Isabel Jaurena.
2024ko ekainaren 15a
16:40
Entzun

Bilbo ezkerraldean mobilizazio eguna izan da gaurkoa. Ehunka lagun bildu dira, eta, besteak beste, honelako aldarrikapenak oihukatu dituzte: «Gora, gora, gora langileon borroka», «Ez, ez, ez murrizketarik ez», eta «Ezkerraldean bizi eta lan». Lau ziren beren salaketa nagusiak: prekaritatea, gastu militarra, bizitzaren garestitzea eta hainbat familiak hilabete bukaerara iristeko dituzten zailtasunak. Horrez gain, Palestinarekiko elkartasuna ere presente izan dute manifestazioan, eta «Boikot Israel, Palestina askatu» eta «Ez da gerra bat, genozidio bat da» oihuak entzun dira bertan.

Sestaotik Santurtzira (Bizkaia) bitarteko martxa egin dute, hainbat plataforma ekologistak, antimilitaristak eta sindikatuk –ELA, LAB, Steilas, ESK, CNT eta CGT-LKN– deituta. «Langile klaseak zera behar du: bizitzak erdigunean jartzea, etxebizitza duin baterako eskubidea bermatzea, hezkuntza eta osasun sistema publiko eta kalitatezkora sarbidea izatea, zaintza sistema publikoa izatea, eta pertsona guztientzako duinak izango diren soldatak eta pentsioak jasotzea», gehitu dute. Alde horretatik, erran dute «kapitalari aurre egingo» diotela pertsona guztiek «bizitza duinak» izatea lortu arte.

«Pobreziaren kriminalizazioa» ere hizpide izan dute, eta azpimarratu horren adibideak egunero ikusi ahal direla «gizarte laguntzak jasotzen dituztenen etxeetan». Hortaz, herritar guztiendako «errespetua, duintasuna eta eskubideak bermatzea» eskatu dute.

Gainera, eskatu dute zaintza sistema «erantzukide» bateranzko bidea egiten hasteko, zeina, haien ustez, «publikoa, unibertsala eta doakoa» izan behar den. «Ezin gara etxeko langileez ahaztu, zeinak prekaritatearen eskalan ondoriorik handienak pairatzen dituzten; ezinbestekoa da haien lan eskubideen alde egitea», borobildu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.