Ehunka amuarrain eta izokin hilda agertu dira Urumea ibaian

Ibaiak ur gutxi izateak eta beroak eragina izan dute. Eguzki talde ekologistak «prebentzio neurriak» eskatu ditu. Gasteizen ere ehun hegaztitik gora hil dira, botulismoak jota

Aste honetan hilda aurkitu dituzten arrainen argazki bat. EGUZKI TALDE EKOLOGISTA.
Jone Arruabarrena - Leire Yue Ortubay Ibabe
2023ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Ehunka amuarrain eta izokin hilik agertu dira aste honetan Gipuzkoako Urumea ibaian, Hernani parean (Gipuzkoa), Eguzki talde ekologistak jakinarazi duenez. Azaldu du herritar batek abisua eman ziela, eta Gipuzkoako Aldundiko Basozainei eta Uraren Euskal Agentziari deitu zietela taldeko kideek.

Horrekin batera, ohartarazi du ibai hori, Euskal Herriko ibai eta erreka «gehienak» bezala, «muturreko egoeran» dagoela; ibaiek ur gutxi dute, eta horrek, azken egunetako beroari batuta, «muga-mugan» jartzen ditu arrainen iraupenerako aukerak.

Garikoitz Plazaola Eguzki taldeko kideak azaldu du «hiritartuta» dauden guneetan eta ibaia artifizialki zabalduta edo ubideratuta dagoen tokietan eragiten duela gehienbat beroak, askotan ez delako egoten ertzetan itzala egingo duen landarerik: «Gure ibaiek ez daukate oso ur emari handia, eta V formakoak izan ohi dira. Ibai horiek zabaltzen baditugu uholdeen aurkako prebentzio gisa, U forma hartzen dute, eta ibaiertzak urrundu egiten dira. Ertzetan sortzen diren landare galeriek, beraz, ez dute urazal guztian itzalik ematen, eta uraren tenperatura berotu egiten da».

Udan, gainera, euri asko egiten ez duenez, ur emaria are gehiago txikitzen da, eta horrek, uraren tenperatura altuarekin batera, faunaren bizitza «kolokan» jartzen du, Plazaolaren arabera: «Baldintza horietan egonda, edozein isuri dagoenean, isuri hori toxikoa ez bada ere, ohiko baldintzetan oharkabean pasatuko litzatekeen aldaketa horrek kalte egin diezaieke arrainei». Izan ere, azaldu du ibaiko urak oxigeno gutxi izan ohi duela egoera horretan, eta edozein gorabeherak hilzorian jartzen dituela animaliak.

Urumeakoa bezalako gertakariak «geroz eta ohikoagoak» direla esan du Eguzkiko kideak. Hala ere, ez dio klima larrialdiari egotzi arazoaren erro nagusia, eta ibaiaren inguruan dagoen jarrerarekin lotu du: «Egia da klima aldaketak eta beroaldiek egoera okertzen dutela, baina gure ibaiek gero eta estalpe eta itzal gutxiago daukate, eta hori da arazo nagusia; tenperatura horrenbeste igo dadin eragiten duena». Bide horretatik prebentzio eta zaintza neurriak zorrozteko eskatu du Eguzkik; hirigintza planak aipatu ditu Plazaolak, besteak beste. Esan du horrelako plangintzak egitean garrantzitsua dela ibaiaren zaintzari garrantzia ematea, eta neurri batzuk proposatu ditu: «Ubideratzeak tentuz egitea, ibaiertzak urbanizatzen ez jarraitzea, eta landaredia mantentzea».

Izokina, arriskuan

Izokinak hil izanaren larritasuna ere azpimarratu du Eguzkik: «Denbora luzean egindako lana bat-batean galtzeko arriskua dago». Izan ere, izokina ohiko espezie bat izan da Euskal Herriko ibaietan, baina XX. mendearen amaieran nabarmen murriztu zen arrain horren populazioa industrializazioaren ondorioz, eta, azken urteetan, leheneratzeko ahalegina egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak Oria, Oiartzun eta Urumea ibaietan, kumeak askatuta. «Urumea, Oria eta halako ibaietan ia-ia galdutzat ematen zen, eta ibai horietan egin den leheneratze lan horien emaitzaren parte bat joan zaigu gertakari honekin», azaldu du Plazaolak.

Botulismoa

Ehun hegazti baino gehiago hil dira Gasteiz inguruan azken bi asteotan, botulismo agerraldi bat dela eta. Betoñuko eta Arkautiko urmaeletan eta Salburuko hezegunean aurkitu zituzten lehenengo hegazti hilak, eta gaixotasuna hedatu ez dadin lanean ari da Arabako Foru Aldundia. Hala ere, Arriagako eta Iparraldeko parkeko urmaeletara zabaldu da. Hogei bat hegazti fauna berreskuratzeko Martiodako zentroan dituzte, osatzeko tratamendua jasotzen.

Bakterioa udako hilabeteetan agertzen da, hura garatzea ahalbidetzen duten baldintzak orduan izaten baitira: tenperatura beroak, besteak beste. Kaltetutako hegazti gehienak anatidoak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.