«Muga arrazista bat dugu Euskal Herriaren erdian». Ehun mugimenduko kideek salatu dute Hego Euskal Herriaren eta Ipar Euskal Herriaren arteko mugan egon ohi diren polizien jokabidea, eta, hori erakusteko, esperimentu bat egin dute Hendaia eta Irun arteko Santiagoko zubian. Mutil gazte zuri bat bidali dute zubia oinez igarotzera, eta, ondoren, gauza bera egin dute, baina mutilari aurpegia beltzez margotuta. Emaitza, espero zutena: lehen aldian, Polizia han zegoen arren, gazteak arazorik gabe egin du bidea, baina, bigarren aldian, gelditu eta identifikatu egin dute.
Ehunen ustez, «Ipar Euskal Herriaren eta Hego Euskal Herriaren artean inposatutako muga arrazista da, eta, terrorismoari aitzin egiteko aitzakian, terroretik ihesi doazen pertsonak geldiarazten dituzte». Ekintzaren nondik norakoak ere azaldu dituzte, eta azaldu euren asmoa zela Poliziari ziria sartzea eta «mugaren izaera arrazista» salatzea.
Mugimenduak normalean egin ohi duen moduan, Euskal Errepublikaren aldeko aldarrian egin du azpimarra: «Frantziako eta Espainiako estatuek izaera arrazista dute, eta haien barnean gauden bitartean horrelako egoerak pairatzen segitu beharko dugu».
Ehunek joan den astean aurkeztu zuen burujabetza «praktikara eramateko» Gu prest gaude kanpaina. «Estatuek ebatsi» dizkieten burujabetzak berreskuratzeko, kanpaina horrekin bat egiteko eskatu diete herritarrei. Maiatzaren 14an jakinaraziko dute nortzuek egin duten bat egitasmoarekin, eta azalduko dute lehenengo burujabetza ekintza noiz eta non izango den.