Aberri Eguna

Ehundik gora ekitalditan bateratasuna aldarrikatu du EH Batera-k

Ehundik gora ekitaldi egin dituzte Euskal Herria Batera-ren deialdiarekin bat eginez. Aurten ere, pandemiaren ondorioak jasan dituztenak gogoratu dituzte eta eskerrak eman dizkiete «denon zaintzan borroka luzea» daramatenei.

jon ordonez garmendia
2021eko martxoaren 31
21:46
Entzun

Euskal Herria Batera herri ekinbideak ekitaldiak egin ditu gaur 12:30ean ehundik gora hiri, auzo eta herritan Aberri Eguna ospatzeko. Iragarri bezala, hainbat euskarritan zabaldu du bere seinalea, tartean BERRIAn, eta mezua ematearekin batera, ekinbidearekin bat egin dutenek batera hiru kanta abestu dituzte batasun keinu batean. Keinu bat batera izan da Euskal Herria Batera-ren leloa, eta Txoriak txori, Gernikako arbola eta Ikusi mendizaleak kantatu dituzte bat bestearen atzean, zabaldutako seinalearekin bat.

«Gaur Aberri Eguna da, euskal herritarrok izan bagarela adierazteko une batez bederen elkarrekin jarduteko eguna», adierazi du Nerea Loron La Furiak mezuaren hasieran. Ondoren, Mirari Martiarenak pandemiaren ondorioak pairatu dituztenak izan ditu gogoan bideoan, eta eskerrak eman dizkie, iazko Aberri Egunean Euskal Herria Baterak egin zuen moduan, «denon zaintzan borroka luzea» daramatenei. Hiru abestien ostean, «Gora Euskal Herri burujabea» oihuarekin amaitu da mezua, Josu Kamara EH Batera-ren talde sustatzaileko kidearen ahotan.

«Txoriak txori, askatasuna irudikatzeko; Ikusi mendizaleak, maite dugun herriari eta maite ditugun herritar guztiei maitasuna adierazteko; eta Gernikako Arbola, batasunari abesteko herriaren ikur bezala», esan du aste honetan Kamarak BERRIAk egin dion elkarrizketan. Gaurkoaren ostean, Kamarak adierazi zuen bateratasuna nola landu aztertuko zutela, «nola hurbildu daitezkeen antzeko norabidea daramaten bide ezberdinak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.