Euskaltzaindiaren mendeurrena. Historia

Ehun urteko enborra, hamar adarretan

Etzi beteko dira ehun urte Euskaltzaindiak lehen bilkura egin zuela. Bide zaila izan zuen gerra garaian, eta gerraostean loratu zen, batik bat Arantzazuko biltzarrarekin. Hona hamar gako.

Garikoitz Goikoetxea.
2019ko urriaren 6a
00:00
Entzun
1941: gerra ondoko abiatzea

36ko gerra bukatu osteko lehen batzarra 1941ean egin zuen Euskaltzaindiak. 1942an, izendapen giltzarri bat: Federiko Krutwig euskaltzain oso izendatu zuten, 26 urterekin. Euskaltzaindia berritzeko proposamena aurkeztu zuen Krutwigek 1949an, eta onartu egin zituzten puntu giltzarri batzuk. 1950eko urrian, beste urrats bat egin zuten Krutwigen ekimenez: Urkixo hilda, batzarrak euskaraz egiten hasi ziren.

1936: gerraren etena

Lehen bilkuretan erabakiak hartu zituzten: ortografia arauak, eta Ekin eta Yarrai leloa. Kultura arloan ere urratsak egin zituzten; adibidez, lehen Euskalegunak antolatuta 1921ean. Oztopo handiak agertu ziren, ordea: Primo de Riveraren diktaduran trabatu egin zuten Euskaltzaindiaren lana, Bigarren Errepublikan ere ez zen asko hobetu, eta 36ko gerrarekin eten egin zen Euskaltzaindia, kide asko erbestean zirela.

1918: Eusko Ikaskuntzan

1918ko irailean, Eusko Ikaskuntzaren sorrerako kongresuan, erabaki zuten prozesu bat martxan jartzea euskararen akademia sortzeko. Lau lagun izendatu zituzten horretarako: Azkue, Arturo Campion, Luis Eleizalde eta Julio Urkixo. Araudiak onartu zituzten, eta urtebeteren buruan abian zen Euskaltzaindia: 1919ko irailaren 21ean egin zuten kideak izendatzeko batzarra, eta Euskaltzaindiaren lehen bilkura, urriaren 7an, etzi ehun urte.

1897: lehenbiziko ahalegina

Aurretik ere aipatu zuten ideia, baina euskararen akademia sortzeko proposamen zehatz bat 1897an egin zuen Resurreccion Maria Azkuek, Euskalduna aldizkariaren bitartez. Handik hiru urtera, 1901ean, ortografia batzeko kongresu bat antolatu zuten Hendaian (Lapurdi), baina ez zuen arrakasta handirik lortu. Hondarribian (Gipuzkoa) egin zuten ahalegina hurrengo urtean, baina biltzar hark ere ez zuen arrakasta handirik lortu.

1956: loraldi kulturala

Gerra baino lehen kultur ekitaldiak antolatu zituen Euskaltzaindiak —adibidez, Euskalegunak—, eta ondorengo etena handia izan zen. 1956an antolatu zuen lehen saio publikoa: Bilboko Arriaga antzokian, ekitaldi artistiko-kultural bat. Kultur ekitaldi gehiago ere loratu ziren Euskaltzaindiaren altzoan; besteak beste bertsolari txapelketak Bizkaian (1958) eta Gipuzkoan (1959), eta txapelketa nagusia (1960).

1968: batasunaren mugarria

Baionan 1964an jarritako mugarriari jarraituz, euskararen batasunari buruzko biltzarra egin zuten 1968ko urrian Arantzazun —gerra osteko lehen biltzarra ere han egin zuen Euskaltzaindiak, 1956an—. Agiri batekin amaitu zuten biltzarra: Literatura euskeraren batasunari buruz Euskaltzaindiaren agiria. Eztabaida bizia izan zen —h letragatik, adibidez—, baina batasun bideak aurrera egin zuen.

1976: ofizialtasuna

Diktadura amaituta, Euskaltzaindiak ofizialtasuna lortu zuen Hego Euskal Herrian, Espainiako errege dekretu baten bitartez. 1976ko otsailean eman zioten izendapen hori —errege akademia titulua hartu zuen—. Ipar Euskal Herrian ia hogei urte gehiago joan ziren Euskaltzaindiari aitortza ofiziala egiterako: 1995ean eman zion nortasun juridikoa Frantziako Estatuak, onura publikoko elkarte modura.

1978: Bai Euskarari ekitaldia

Euskara sustatzeko kanpaina arrakastatsu bat egin zuen Euskaltzaindiak, Bai Euskarari leloarekin. Hainbat ekitaldi egin zituzten, eta nagusia ekainaren 17an egin zuten Bilbon, San Mames futbol zelaian. 40.000 lagun bildu ziren. Musikari ugarik parte hartu zuten, eta disko bat ere grabatu zuten. Euskararen aldeko kontzientzia piztea izan zen kanpaina haren helburua, eta Euskaltzaindiaren zereginetarako dirua biltzea. Nestor Basterretxearen logo bat erabili zuten.

2005: hiztegiaren mugarria

Hurrengo urteetan, erakundearen jarduna sendotu ahala, lan akademiko ugari egin eta aurkeztu dituzte: gramatikan (EGLU Euskal Gramatikaren Lehen Urratsak), dialektologian (Herri Hizkeren Atlasa), onomastikan (izendegia)... Hiztegian ere bai: adibidez, 2005ean amaitu zuten Orotariko Euskal Hiztegia —irudian—. Hiztegi Batua 2000n aurkeztu zuten, eta aldian-aldian eguneratzen dute.

2019: mendeurrena, haize berria hartzeko

Mendeurreneko ekitaldiak iazko urrian hasi zituen Euskaltzaindiak, akademiarentzat mugarri izan den leku batean: Arantzazun. 50 urte bete ziren euskara batua sortzeko biltzarra egin zutela, eta adierazpen bat aurkeztu zuen Euskaltzaindiak, hainbat erakunde eta gizarte eragilerekin batera. Urte osoan saio ugari egin dituzte. Etorkizuneko ardatzak zehaztea izan dute mendeurreneko xede.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.