Ehun suhiltzaile abiatu dira Hego Euskal Herritik Valentziara

Nafarroatik 31 suhiltzaile, eta, horiez gain, Gurutze Gorriko eta Foruzaingoko kide batzuk ere joango dira, erreskate lanetara. Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik 69 suhiltzaile partitu dira, 114 ur ponparekin.

mikel p ansa
2024ko azaroaren 3a
11:10
Entzun

Hasi dira Euskal Herrian elkartasuna antolatzen, Mediterraneoan uholdeek eragindako kalteei aurre egiteko. Nafarroatik, 25 suhiltzaile, haien bost kabo, eta agintari bat igorriko dituzte. Atzo abiatu ziren, Paiportara bidean, eta datozen hiru egunetan, errepideak garbitu, ura atera eta gorpuak erreskatatzen arituko dira. Erreleboa emateko prest dago beste talde bat, horiek txanda bukatutakoan.

Gurutze Gorriko kide batzuk ere joango dira Nafarroatik, eta baita DYAko kide batzuk ere; Massanassara joango dira azken hori. Hainbat ibilgailu eta tresneria eramango dituzte guztien artean, tartean ura kentzeko ponpak. Horiez gainera, foruzain batzuk ere joatekoak dira. Gaur aterako dira Valentziara bidean.

Eusko Jaurlaritzak, berriz, gaur jakinarazi du 69 suhiltzaile partituko direla Valentziara. 114 ur ponpa eramango dituzte, garaje eta sotoetatik ura ateratzeko makina horien beharrean direla adierazi baitiete. Hainbat ibilgailu eta hiru ontzi ere eramango dituzte eurekin.

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, biek adierazi dute Valentziako erakunde eta agintariekin harremanetan daudela hasieratik, baina zer behar zituzten jakiteko esperoan egon direla, Valentziarako laguntza antolatu ahal izateko. Ezinegona ere sortu du itxaronaldiak: Bilboko suhiltzaile talde batek egunotan jakinarazi du asteazkenaz geroztik hiru aldiz «aktibatu» dituztela, baina besoak gurutzaturik egon direla lau egunez, ezer egin ezinik.

Nafarroako Elikagaien bankuak, bestalde, azaldu du kaltetuei laguntzeko modu onena donazioak egitea dela; 54 elikagai banku koordinatzen ari direla, eta koordinazio horri esker janaria bideratzen ari direla jakinarazi du. Baina, janaria zuzenean eman beharrean diruz lagunduz gero, errazagoa da jakiak-eta bertan erostea, eta arazo logistikoak arintzen dira.Horregatik, elikagai bankuek jarritako diru kontuetara donazioak egiteko eskatu dute.

Erakundeen zain egon gabe ere, hainbat herri, eskualde eta auzotan hasi dira elkartasuna antolatzeko asmotan. Bizkaian, Bilbo aldean, Karrantzan, Donostian, Irunen... ari dira material eta jaki bilketak antolatzen. Goierrin ere bai, Gipuzkoan: materiala biltzeko deia egin dute. Eta Iruñeko Sanduzelai auzoan garbiketa lanetara joateko brigada bat antolatu nahian ari dira. Sare sozialetan zabaldu diren ekinbideetako batzuk dira horiek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.