KORONABIRUSA

Ehun positiboren langa gainditu dute Nafarroan, lehen aldiz irailetik

Nafarroako Osasun Departamentuaren behin-behineko datuen arabera, 129 kasu atzeman dituzte egun bakarrean

Agoizko Osasun Etxeko langile bat, andre bati txertoa jartzen. NAFARROAKO GOBERNUA
Ion Orzaiz.
2021eko azaroaren 10a
10:30
Entzun

COVID-19aren transmisio kurba goranzkoan da berriro; mantso, baina etenik gabe. Eusko Jaurlaritzak astean behin ematen ditu egunean eguneko kutsatzeei buruzko datuak; Nafarroako Gobernuak, berriz, egunero. Atzo Osasunbideak eginiko PCR eta antigeno proben behin-behineko emaitzek agerian utzi dute izurria ez dela bukatu: beste 129 positibo egun bakarrean. Kopuru handiena da abuztuaren 31tik, eta ehun positiboren langa gainditzen den lehen aldia irailaren 2az geroztik. 208 kasu atzeman dituzte astelehenetik.

Transmisioak lau astez jarraian egin du gora Nafarroan. Intzidentziaren hazkundeak, baina, ez du isla zuzenik izan ospitaleen egoeran, oraingoz. Oraintxe, 29 pertsona daude Nafarroan ospitaleratuak COVID-19ak jota, eta, horietatik, sei gaixo larri daude ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan.

Adituek arretaz begiratzen diote goranzko joerari, eta lasaitzeko motiborik ez dela diote.

Azken hamalau egunotako intzidentzia metatuari adin tarteka erreparatuta, bost multzok dute kutsatze tasa handia: 11 urtetik beherako haurrak (186 kasu 100.000 biztanleko), 40 eta 49 urte arteko herritarrak (148 kasu 100.000 biztanleko), 50 eta 59 urte artekoak (101 kasu) eta 70-79 artekoak (141).

Azken asteotako datuez hitz egin zuen Santos Indurain Nafarroako Osasun kontseilariak, Ser irrati katean. Intzidentzia «handia» dela onartu zuen kontseilariak, «kasu guztiak azaleratzen ari garelako, detekzio sistemari esker». Hala ere, izurriaren larritasuna neurtzeko aldagairik garrantzitsuena uneotan «ospitaleen egoera» dela azpimarratu zuen Indurainek: «Oraingoz, apala da izurriak Nafarroako ospitale sisteman duen eragina: ohe gutxi erabiltzen ari dira COVID-19rako, %2 inguru, eta gaixo kritikoak ere gutxi dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.