Euskal errepublika

Ehun mugimenduak Loiolako kuartela «desjabetzeko» ekintza nazional batera deitu du

Herritarrei martxoaren 27an kuartel parean elkartzeko deia zabaldu diete. Haustura bat irudikatu nahi dute Espainiako «1978ko erregimenarekin», eta euskal errepublika aldarrikatu.

Ehun mugimenduak ekintza aukezteko agerraldi bat egin du gaur, Latsari plazan bertan. EHUN
2021eko martxoaren 13a
13:36
Entzun

Iazko otsailean Ehun mugimenduak euskal errepublikaren aldeko ekitaldiak antolatu zituen hainbat herritan. Burujabetza praktikara eramateko kontzientziazio lan bat egiteko sortu zen taldea, eta, bide horri jarraituz, beste ekintza bat aurkeztu dute gaur. Ekitaldi nazional batera deitu dute martxoaren 27rako, eguerdian, Donostiako Loiola auzoko kuartelaren aurrean, militarren kuartela «desjabetu» eta «herriaren esku» uzteko.

«1978ko erregimenari» egin nahi diote aurre. Espainiako Estatuaren forma guztiei. Militarrak «Espainiako batasunaren eta eliteen interesen zaintzaileak» dira, Ehun-en esanetan, eta Donostiako Udalak kuarteleko lurrak erosi izana, berriz, «espekulaziorako» operazio bat; militarrek diru horrekin ordainduko dituzte eraikin berriak, eta udalak 17.000 etxebizitza egin nahi ditu han, mugimendu errepublikazaleak ohar batean azaldu duenez.

Horregatik, udala, militarrak eta eraikuntza enpresak «ontzi berean» daude Ehun-entzat: «Espainia izeneko karabela ontzian, goxo-goxo». Hori salatzeko, eta «porlanaren mafiaren» aurrean «ongizate komuna» aldarrikatzeko, euskal errepublikaren aldeko mezua zabaldu nahi dute. Berriki bete dira hogei urte intsumisioaren aldeko borrokak derrigorrezko soldadutza kentzea lortu zuenetik, eta haien borrokak euskal errepublikaren aldekoarekin «antzekotasun handiak» izango dituela uste dute.

Intsumisoen borrokaren jarraipen baten gisan aurkeztu dute datorren martxoaren 27ko ekintza nazionala. Latsari plazara joateko deia egin diete herritarrei, Loiolako kuartelaren parera, 12:00etan. Adierazi dutenez, hainbat kolektibok hartuko dute parte «desjabetze» ekintzan. Gainera, erakusketak jarriko dituzte eta sound system bat ere egongo da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.