Ameriketako Estatu Batuetako Osasun Institutu Nazionalak probak egingo ditu EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Signaling Lab taldeko minbiziaren dibisioak garatu duen nanopartikula batekin, botika bihur daitekeen ikusteko. Orain arte proba bakarrak saguekin egin dituzte, baina emaitza positiboak izan dituzte: %80 murriztu ditu gibeleko metastasiak.
Iker Badiola irakasleak zuzentzen du EHUko Signaling Lab taldeko minbiziaren dibisioa, eta talde hori Galiziako Santiagoko Unibertsitateko Alejandro Sanchez irakaslearen ikerketa taldearekin aritu da lanean, nanopartikula sortzeko. 2019an patentatu zuten nanopartikula hori, eta Nanokide Therapeutics enpresarekin garatu dute.
Eurek garatutako nanopartikula aukeratu izana goraipatu egin du Badiolak, haren esanetan, «munduko erakunde zientifiko garrantzitsuenetako batek bermatu» duelako.
AEBetako Osasun Institutu Nazionalak gai itxaropentsuak aukeratzen ditu, horiekin probak egiteko. Ezinbestekoa da lan hori egitea, gai bat botika gisa onartu aurretik, besteak beste gizakietan eraginkorra izango den, zer dositan erabili behar den, eta nahi gabeko ondoriorik ote duen aztertzeko.
5.000tik bat, sendagai
Botika izan aurretik prozesua luzea eta konplikatua da, dena den. Gizakiekin eginiko proben aitzineko fasea da proba preklinikoa. Animaliekin egiten dute normalean, eta, batez beste, probetarako onarturiko 5.000 gaitik bakarra heltzen da baimenduriko sendagaia izatera.
Badiola 2007. urtetik da doktorea EHUn. Tesia bera gibeleko metastasiaren inguruan egin zuen. Horrez gain, hainbat artikulu argitaratu ditu nazioarteko zenbait aldizkaritan. Urte horretan, Nigatan (Japonian) gibelaren inguruko ikerketaz eginiko kongresuan ikertzaile gazteei emaniko saria irabazi zuen.
EHUn garatutako nanopartikula bat probatuko dute AEBetan
Gibeleko metastasia murrizteko %80ko eraginkortasuna duela ikusi dute orain arteko probetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu