Ehun euskal errepublikaren aldeko mugimenduak uste du ezin dela Euskal errepublika eratzeko Frantziak eta Espainiak baimena noiz emango zain gehiago egon. Horregatik, erreferendum lotesleak antolatzea proposatu du udaletxeetan, «burujabetza eskatu beharrean burujabe jokatzen hasi behar dugu», esan du, ohar bidez.
Uste dute euskal independentismoak menpekotasunezko ikuskerarekin jardun izan duela Frantziarekiko eta Espainiarekiko. Karlismotik abiatuta egiten du irakurketa hori Ehun-ek. Geroztik, aldeak alde, «gutxiagotasun konplexu hori albo batera uzteko gaitasunik ez dela izan» iritzi dio. Estrategiak pentsatu izan direla Frantziak eta Espainiak askatasuna eman egingo zigutelakoan, hori sinetsita.
«Estrategia askatzaileak»
Momentua da «estrategia askatzaile» berriak pentsatzeko, mugimenduaren arabera. Bide berri bat egiten hasteko unea delakoan, uste du lehenik eta behin bide berri hori normalizatzen hasi behar dela, diskurtso berriak barneratuz. Horretarako, ekintza bat egin dute, eta proposamena egin dute. Ekintza izan da hautetsontziak uztea Euskal Hirigune elkargoan, Nafarroako Parlamentuan eta Eusko Legebiltzarrean. «Nahi al duzu Espainiatik eta Frantziatik atera eta euskal errepublikan bizi?» galderari baiezko erantzunak jasotzen dituen hautetsontzia da. Ekintza horrekin adierazi nahi izan dute, zain egon gabe, ekimena hartzeko unea dela, eta horregatik proposatu dute udaletxeetan erreferendum lotesleak egitea, estatuek baimena eman zain egon gabe. Horrek aldebakarrez izan beharko duelakoan daude, «derrigorrez».