Ehun mugimendua

Ehun-ek Eusko Legebiltzarra inguratzera deitu du hilaren 22rako

«Hondoratze jarraitua» saihesteko irtenbidea euskal errepublika dela esan du mugimenduak. Urriaren 22ko eguerdian egingo dute mobilizazioa.

Ehun mugimenduko kideak, gaur egin duten agerraldian. EHUN MUGIMENDUA
jon olano
2020ko urriaren 3a
14:42
Entzun

Ehun euskal errepublikaren aldeko mugimenduak egunak zeramatzan sareetan urriaren 22rako data gordetzeko eskatzen, eta gaur goizean jakinarazi dute zer asmo duten egun horretarako: Eusko Legebiltzarra inguratzera deitu dute, «krisiak gure bizitzetatik erauzteko tresna Euskal Errepublika dela aldarrikatzeko». Eguerdian batuko dira, eta, hilaren 22a osteguna izanik, osoko bilkuran egongo dira legebiltzarkideak protestaren momentuan.

Ainhoa Gutierrezek eta Marta Machok eman dituzte egitasmoaren inguruko xehetasun batzuk, Gasteizen egindako agerraldi batean. «Krisiez» mintzatu dira, eta horien inguruan egituratu dute mobilizazioaren beharra azaltzeko diskurtsoa: «Osasun krisia, hezkuntza krisia, zaintzen krisia, krisi ekonomikoa, krisi klimatikoa, errefuxiatuen krisia, kulturaren krisia eta krisiak besterik ez». Gutierrezen esanetan, duela hamarkada bat baino gehiago krisialdia «sortu eta sartu» zieten herritarrei, eta harrezkero «krisia erabiltzen dute herritarrok mehatxatzeko, beldurtzeko, diziplinatu eta domestikatzeko».

Horregatik, uste dute krisialdia dela «herritarrok gobernatu ahal izateko asmatu zuten gobernu forma berria», eta haren «mehatxu etengabearen» bitartez euskal herritarrei «sinetsarazi» nahi dietela «edozein apurrekin konformatu» behar dutela: «Edozein lan baldintzarekin konformatu, edozein osasungintzarekin konformatu, edozein hezkuntza, edozein pentsio, edozein agintari, edozein estatu, edozein monarkia, edozein bizitza eta gure zaintzez emakume esplotatuak arduratu daitezela». Hortaz, egungo egituraketa ekonomikoa eta politikoa jarri dute jomugan: «Berdin dio nondik begiratu, berdin dio nondik aztertu: autonomismoak eta sistema ekonomiko honek beti etorkizun okerrago bat hitzematen digute, beti okerragoa den etorkizun hurbil bat zerumugan».

Egungo sistemaren «hondoratze jarraitua» eta euskal errepublika kontrajarri zituen Gutierrezek, lehena arbuiatu eta bigarrenaren alde egiteko: «Espainiako 1978ko erregimenak, bere monarkia, bere marko autonomiko, bere krisi eta agintari, iruzurti, hitzontzi eta alfonbra saltzaileek, zentzu guztietan dakarten hondoratze jarraituaren aurrean, gure gorputzak eta lurraldeak askatzeko unea iritsi da».

Ildo horretan, mugimenduak uste du «40 urtez bete gabe luzatu diren esperimentu autonomikoek» ez dutela balio «enpleguan, osasungintzan, hezkuntzan, hizkuntzan, zaintzetan, pentsioetan, elikaduran, energian» eta beste sektore batzuetan dauden erronkei aurre egiteko: «Herri gisa ditugun erronka hauei guztiei aurre egiteko, hemen eta orain, burujabetza behar dugu, benetako autogobernua, errepublika propio bat».

Urtebeteko jarduna

Iazko azaroan aurkeztu zuten publikoki Ehun herri mugimendua, euskal errepublikaren alde aritzeko asmoz. Aurtengo otsailaren 15ean egin zuten orain arteko mobilizazio nagusia: Euskal Errepublikaren Aldeko Eguna ospatu zuten hamabost udalerri eta auzotan.

Mugimenduaren helburua da euskal errepublikaren aldeko «gehiengo zabala» sortzea, lehentasuna emanik  «behetik egindako lanari eta konfrontazioari». Haren arabera, lan jarduera horrekin, «gehiengoari gustagarria zaion aurpegia» jartzen zaio aldarrikapenari. «Goitik ehundu nahi den independentismoak ez du independentistarik sortzen; behetik ehuntzen denak, bai». Ondorioz, «agenda eta erritmoa markatzeko gaitasuna duen euskal errepublikaren aldeko mugimendu herritarra» sortu behar dela iritzi dio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.