Asteburu honetan bi eguneko kanpaldia egingo du Ehun mugimenduak Donostiako Sert plazan, etxe eskubidea aldarrikatzeko. Nabarmendu dute sistema kapitalistan etxebizitza ez dela eskubide bat: «Negozioa da». Espainiako eta Frantziako estatuak «etxeen lapurreta» legeztatzen eta errazten dutela azaldu du mugimenduak, eta etxe eskubidea bermatzeko irtenbidea euskal errepublika sortzea dela. Kanpaldia Sert plazan egitea ere ez da kasualitatea: «Gogoratu plaza horretako alokairu sozialeko 522 etxebizitza Black Stone izeneko funts putreari saldu dizkiola 78ko erregimenean erabat murgilduta dagoen administrazio publikoak».
Hilaren 23rako eta 24rako egitarau zabala antolatu du Ehun-ek. Larunbatean 10:00etan irekiko dute kanpaldiaren gunea, eta mahai inguru bat egingo dute Euskal Herriko zenbait etxebizitza sindikatuk. 18:00etan manifestazioa egingo dute Sert plazatik abiatuta, Etxez etxe, bizitzaz bizitza, euskal errepublika da giltza lelopean. Musika, bingoa eta zinema ere egongo dira. Igandean, 11:30ean turismoari buruzko mahai inguru bat egingo dute, eta musikaz girotuta biribilduko dute kanpaldia.