Independentzia prozesuak alde bakarretik aurrera egin behar zuela sinetsita jaio zen Ehun mugimendua, euskal errepublikaren aldekoa, 2019an. Kataluniako prozesu independentistako buruzagiak zigortu eta hango prozesua gain behera hasi zen garaitsuan, hain zuzen. «Jendartearen protagonismoari alderdiena gailentzen hasi zen garaian», Ehun mugimenduak ohar bidez jakinarazi duenez. Geroztik, independentziaren aldeko hainbat ekintza egin dituzten arren, lan hori asko «zaildu» zaiela diote, eta, bakarrik ezin dutela egin jabetuta, «itzaltzea» erabaki dute, ez aurretik euskal errepublikaren aldeko mezua zabaldu gabe. Iaz Plentziako Udalak onartu zuen, eta beste ehun eta bat udaletan mozioak erregistratu dituzte euskal errepublikaren alde egiteko. Etzi izango da hurrena, Durangoko Udalean egingo den osoko bilkuran.
«Elite independentistak Espainian ezinezkoa zela esateari utzi eta Espainian aukera leihoa zegoela esaten hasi zenean ekin genion bideari», ohar bidez esan dutenez, «haizearen kontra». Alderdi nagusien egituren kontra jardun dutela adierazi dute, «baina, aldi berean, uste dugu bat egin dugula jendartearen zentzu komunarekin; denek baitakite, baita independentista ez direnek ere, Espainiak eta Frantziak ez digutela sekula autodeterminazio eskubiderik onartuko». Uste dute aldebikotasunaren bideak ez duela emaitzarik izango. Horregatik, bide horri uko ez egin arren, lehentasuna aldebakartasunari ematea defendatu dute.
Mugimendu autonomoa izan da, eta horrek indarguneak eta ahulguneak dituela aitortu dute. Indarguneen artean, sinesgarritasuna kokatu dute: «Ildo estrategikoak guk markatu ditugu, ez beste inork». Ahulguneetan, baliabide falta aipatu dute, bai humanoa eta bai ekonomikoa. «Hala ere, bost urte hauetan, independentismoan entzuten ez zen diskurtso bat plazaratzea» lortu dutelakoan daude.
Aldebakartasuna
Aldebakartasunak konfrontazioa dakar ezinbestean. Baina «konfrontazio egokia» nola egin aztertu eta garatu dutela diote. «Burujabetza iraultza deitu diogu gureak diren burujabetzak esparru guztietan praktikara eramaten hasteari». Ideia hori hedatzen saiatu direla diote: «Gure burujabetzak lapurtu dizkigutenei burujabetza horiek eman diezazkigutela erregutzeari utzita, praktikan jartzen hasi behar dugu. Patriarkatuak, kapitalismoak, Espainiak, Frantziak, erdarek... lapurtu dizkiguten burujabetzak berreskuratzen hasteko ordua iritsi dela errepikatu dugu, baimenik eskatu gabe».
Burujabetza horretarako ariketa gisa proposatu zuten udaletan mozioak sartzea. Mozio horien bidez, udalek euskal errepublikako kidetzat jotzen dute euren burua. Iazko maiatzean onartu zuen hori Plentziako Udalak (Bizkaia). Asmoa zen Euskal Herriko udal guztietara zabaltzea, «independentismoa eskubideen aldekoa zela eta unionismoa eskubideen zapaltzailea zela agerian jartzen lagunduko zuenez, independentismoarentzat marko egokia sortuko zuela» iritzita.
Asmoa hori bazen ere, ezinezkoa egin zaie aurrera eramatea, aitortu dutenez: «Elite independentistaren ezezkoak ekarri duen lan gehigarriari aurre egiteko Ehun ez da nahikoa izan. Lana izugarri zaildu digute. Horregatik, lan hau bakarrik ezin dugula aurrera atera onartuta, Ehun itzaltzea erabaki dugu».
101Mozioak udal hauetan erregistratu dituzte: Lasarte, Portugalete, Hernani, Usurbil, Eibar, Donostia, Galdakao, Oñati, Hondarribia, Santurtzi, Barakaldo, Sestao, Getaria, Bilbo, Pasaia, Lezo, Zizurkil, Gernika-Lumo, Lekeitio, Bermeo, Elantxobe, Kortezubi, Elorrio, Idiazabal, Durango, Villabona-Amasa, Asteasu, Atxondo, Elgoibar, Berriz, Ermua, Arrasate, Aramaio, Urkabustaiz, Tolosa, Errenteria, Aizarnazabal, Oiartzun, Etxarri Aranaz, Arbizu, Lakuntza, Uharte, Arakil, Arruazu, Irañeta, Segura, Zegama, Zerain, Mutiloa, Oion, Kanpezu, Arraia-Maeztu, Legutio, Asparrena, Gasteiz, Agurain, Iruñea, Astigarraga, Baiona, Lekunberri, Irurtzun, Berriozar, Gares, Atarrabia, Trebiñu, Azpeitia, Azkoiti, Ordizia, Deba, Andoain, Arratzua-Ubarrundia, Urnieta, Ultzama, Leitza, Larrabetzu, Ondarroa, Lemoiz, Mendigorria, Zestoa, Aiara, Zuia, Ataun, Soraluze, Laudio, Lizarra, Argantzun, Arrigorriaga, Maule, Altsasu, Zarautz, Tutera, Tafalla, Goizueta, Lesaka, Sopela, Donibane Garazi, Donapaleu, Baigorri, Turtzioz, Urduliz, Orio eta Aretxabaleta.
Aurretik, ordea, ehun eta bat udaletan mozioak erregistratu dituzte, eta mozioaren eredua eskuratzeko moduan jarri dute beren webgunean, erregistratzera iritsi ez diren tokietan erregistratu nahi izanez gero, herritarrei ekimena har dezatela eskatuta.
Uste dute herritarrek ekimena hartuz gero bestelako jokaleku batean kokatzeko aukera legokeela: «Imajinatzen al duzue zuen udalak Euskal Errepublikaren parte dela deklaratuko balu herrian zer giro sortuko litzatekeen? Eta lehen olatu honetan Euskal Herri osoko 40 herrik beren burua Euskal Errepublikako kide direla deklaratzeak zein eskenatoki politikotan kokatuko gintuzkeen?».
Hala, olatu horren lehen tanta etzi jarri nahi dute, Durangon, Bizkaian, eta apirilaren 16an, Gasteizen. Herritarrei antolatzeko deia eginda desegingo da mugimendua.
UDALETAN ERREGISTRATU DEN MOZIOA
Ehun mugimenduak mozio eredu bat sortu du, eta, bertan diotenez, udalak dira herritarrengandik gertuen dauden erakundeak, baina maiz «herritarren interesak babesteko erremintarik gabe» daudela salatzen dute. Legedia herritarren beharretatik urrun sortzen dela diote, «zer esanik ez Euskal Herriko udalen kasuan». Uste dute ezinezko izango dela herritarren intereserako legedia garatzea Frantziako eta Espainiako estatuetan. Horregatik, hiru puntu hauek proposatzen dizkiete alderdiei eztabaidatzeko eta bozkatzeko:
1. Iritzita Espainiako eta Frantziako estatuen parte izanda ezingo dela herritar guztien aldeko legedirik atera, euskal errepublika herritar guztien ongizaterako derrigorrezko erreminta gisa aitortzea.
2. Erreminta horrek eskubide guztiak guztiontzat ziurtatuko lituzkeela baieztatzea.
3. Horregatik, udal horrek bere burua euskal errepublikaren parte deklaratzea.