Feriatzaileek prefeturaren arauak bete dituzte astearte goiz honetan beren mobilizaziorako. Ehun bat feriatzaileren kamioiekin lerro-lerro abiatzekoak ziren Baionako bideen blokeatzeko, baina onartu zuten 08:30ean abiatzea. Jendea, gainera, araberan antolatu zen, mobilizazioa iragarria zelako. Egunero Baionara lanera heldu diren herritarrek bidea goizago hartua zuten, eta auto metaketa bakar batzuk gertatu dira 07:00-07:30 aldera. Eguraldia lagun, frankok bi gurpiletako ibilgailuak hautatu dituzte, izan bizikletak, izan motordunak.
Baiona iparreko autobidearen sarreran, sei CRS polizia kamioi jarriak ziren goizetik, eta, feriatzaileen bideratzeko, hogei bat polizia motordun jarri ditu prefeturak. Azken horrek telelana egitea gomendatu du. Txik Txak garraio publikoko sareak aurreratu du autobusek beranta izanen dutela.
Bi kamioi lerrotan ibilita goizean, eguerdian, feriatzaile batzuek Baionako herriko etxe aitzinean jan dute, baina ez dute harremanik ukan Jean Rene Etxegaraik zuzendu erakundearekin. Manifestariek salatu dute Frantziako Poliziak ukan duen jokamoldea, autoak desbideratuz mobilizazioak eragin zezakeen trafiko trabak ekiditeko helburuarekin. Poliziak hala segitzen badu, feriatzaileek erran dute estrategiaz aldatuko dutela eta beharrez kamioiak bide erditan utziko dituztela. Herriko etxean zegoen kamioi lerroa berriz abiatu da, baita Zubi Gorrian zegoena ere.
Kamioiekin abiatu aitzin, Thomas Bruch Frantziako Feriatzaileen Federazioko kide eta mobilizazioko bozeramaileak hitza hartu du hedabideen aurrean. Lehen mezua Baionako biztanleei helarazi nahi izan die: «Baionarrak gogoan ditugu, gaur trabatuko ditugulako, baina ulertu behar dute ez dugula eskapurik; auzapezak nehorekin mintzatu gabe hartu du erabaki bat, eta gure enpresentzat hondamendia izan daiteke halako data inportante bat galtzea».
Baionako Herriko Etxearekin sortu den kalapitaren korapiloa zera da: 2025eko besten datak uztailaren 16tik 20ra bitarte jarri dituela Jean Rene Etxegarairen taldeak, Mont-de-Marsangoekin batera (Landak). Galtze ekonomiko handiegia zaie feriatzaileei bi bestetarik bakarra egitea.
Arratsaldean, agerraldia egin du Etxegaraik herriko etxean, eta hiriko ospakizunentzat hautatu datak berretsi ditu. Halaber, deitoratu du feriatzaileek uko egin diotela harekin elkartu eta mintzatzeari. Urtero hilabete batez Baiona erdigunean antolatzen duten feria ere goraipatu du, feriatzaileei dien «errespetua» erakusteko. Charles Dayot Mont-de-Marsango auzapezarekin biltzekoa dela ere iragarri du Etxegaraik.
Aldaketak lehenago ere
Aurrez ere izan dira data aldaketak, baina, Bruchen erranetan, Mont-de-Marsango, Akizeko (Landak) eta Baionako bestak «sekula» ez dira betan gertatu. Hiru hiri horietako bestak urteko negoziorik handienak direla adierazi du, eta deitoratu du, gainera, Baionako auzapezak bazekiela erabakia hartzean Mont-de-Marsango hiriak usaian bezala finkatuak zituela urteko bestak. «Gutiren artean hartu dute erabakia, horren ondorio lazgarriak neurtu gabe». Feriatzaileen negozioentzat kalte handiak izan daitezkeela errepikatu du Bruchek, eta gehitu du beste herri ttipiagoentzat ere izanen dituela ondorioak, beren besta egunak aldatu beharko dituztelako.
Nafarroa Beherean, Donapaleuko bestak izatekoak dira 2025eko uztailaren 20 inguru horretan. «Donapaleun badakite ez dituztela bestak Baionarekin batean atxikitzen ahalko; beraz, aldatuko dituzte. Eta Donapaleu baino ttipiagoa denak ondorio berak izanen ditu aldaketarekin».
Bruchek ez du ondorik ere sinisten Baionako Herriko Etxeak dioelarik bestalarien kopurua ttipitzeko aldatu dituztela datak. «Uste badute uztailean aste batez mugitzeak zerbait aldatuko duela, guziz bidez tronpatzen dira». Bestalariak gutxitzeko nahikaria balute zinez udalean, arrunt beste garai bat hautatu behar luketela uste du feriatzaileen bozeramaileak. «Aski dituzte bestak azaroaren, abenduaren edo otsailaren 15ean ezartzea. Saltegiak eta feriatzaileak ez dira kontent izanen, baina bederen milioi bat pertsonatik 100.000ra jautsiko lirateke, zinez».
Auzapezarekin mintzatzeko beti prest egon direla erran du Bruchek. Gezurtatu du auzapezak atzo erran zuena, baizik eta haiekin harremanetan sartzen entseatu zela mintzatzeko.
Datak aldatu ezean, indar harremana
Feriatzaileen ordezkariak dioenez, iaz segurtasun neurriengatik «indar handiak» egin zituzten Baionako besten gunean lekuz aldatzeko. Prefeturak eta herriko etxeak finkatu eremu eta baldintzak onartu zituzten. Daten aldatzea hartu engaiamendu horiei egin traiziotzat hartu dute feriatzaileek.
Orain, berriz, solasean aritzeko baldintza bakarra zaie Etxegaraik onar dezan datak uztail hondarrerat itzultzea. «Beste gauza batez mintzatzeko bada, ez du balio. Auzapezaren filosofia eta elekatzeko moldea ezagutzen dut; haatik, prest bada mahai inguruan jartzeko eta datak usaiakora itzultzen direla dioen hitzarmen bat izenpetzeko, ados», erran du Bruchek, garbi.
Feriatzaileek erran dutenez, auzapezak ez badu gibelerat egiten, beste mobilizazio bat eginen dute urriaren 19an, Aviron errugbi taldeak Baionan izanen duen hurrengo partida egunean. Milaka ikusle biltzen dira, aldiro, hiri erdiguneko Jean Dauger zelaira. Baina Bruchek salatu du beharrez ez direla horretan mugatuko: «Ondoko mobilizazioak izanen dira: Avironen etxeko partida guztiak, Xingar Feria, Eguberriko merkatua... eta Baionako bestetara etorriko gara, baina ez gure karruselekin, gure kamioiekin bakarrik», bide guztiak blokeatzeko.
Abiatu aitzin, azken gomendioak eman dizkie Bruchek feriatzaile lagunei: prefeturak finkatu arauak errespetatzea, oldarkor agertuko litzatekeen edonori ez ihardukitzea. «Bestela, prefeturak mobilizazioa debekatuko digu, eta dena gelditu beharko dugu», erran die. Feriatzaileen kamioek Zubi Gorritik abiatu dute karakoil urratseko operazioa. Baionaren ingurua egitekoa zuten, San Federiko lan eremutik eta Baiona iparreko autobide sarreratik joanez. Gero, Baiona erdian, suprefeturatik, herriko etxetik eta tren geltokitik iragatekoak dira egunean zehar, mobilizazioa 18:30 arte egiteko xedearekin. Goizean auto franko metatu dira, ondorioz, hirigunean.