Arraun munduko ehun lagun inguruk babestu dute Ernaik igandean egingo duen mobilizazioa: «Ernairen aurkako eraso ekonomiko eta politikoa gaitzesten dugu, eta isuna jaso zuten gazte guztiei gure elkartasuna adierazi nahi diegu», zehazten du gaur helarazitako oharrak. Izan ere, gazte antolakundearen mobilizazioa Kontxako estropaden bigarren jardunaldiaren egun berean egingo dute; zehazki, 13:30ean hasiko da manifestazioa, Bulebarretik.
Oharraren arabera, bada Euskal Herriaren eraikuntzan lanean ari den «gazteriaren zati handi bat», eta sinatzaileek uste dute jardun hori ez dela «gatazka sortzaile» izan behar, afera «pozgarria» baizik: «Sustatu eta bermatu beharreko praktika litzateke, eta ez zigortua, operazio honen bitartez egin bezala».
Hitz horiekin egin diete erreferentzia Ernaiko kideek jasotako isunei. Ernaik maiatzean jakinarazi zuen 133 isun jarri dizkietela iazko irailean Bilbon eta Gasteizen egindako ekinaldietan parte hartu zutenei, eta azaldu horien kostua 290.500 eurokoa dela. Isun horien harira, euskal gizarteari dei egin diote arraunlariek, «bidegabekeria horren aurka arraun egin» behar dela esanez: «Indarrak batuz, norabide berean ekinez».
Sinatzaileek mozal legearen aurka ere egin dute, eta adierazi dute adierazpen askatasunaren kontrako «tresna argia» dela: «herritar ororen oinarrizko eskubideak kolokan jartzen dituela deritzogu». Hala, salatu dute Euskal Herrian Espainiako Herritarren Segurtasunerako Legea erabiltzea.