Hego Euskal Herriko, Espainiako eta Italiako datuak hartuta, eredu matematiko bat garatzeko lanean ari dira EHUko Manuel de la Sen, Raul Nistal eta Santiago Alonso-Quesada ikertzaileak, COVID-19 gaitza eragiten duen koronabirusa berriz noiz eta non agertuko den iragartzeko.
Izurriaren azken datuak eta odol azterketen emaitzak bilduko dituzte birusaren kutsatzeko ahalmena kalkulatzeko, konfinamendua, urruntze fisikoa edo aparteko neurriak hartzen diren kontuan izanda.
«Xedea argia da», esan du Nistal ikertzaileak: erantzuteko denbora eta informazio gehiago ematea osasun sistemari izurria berriz zabaltzen hasten bada.
Ikertzaileak adituak dira izurriak matematikaren bidez aztertzen. Gaixotasun infekziosoentzako eredu matematiko berri batzuk: analisia, oreka, positibotasuna eta txertaketa kontrolak tesia idatzi zuen Nistalek, eta De la Senek eta Alonso-Quesadak zuzendu zioten.
Besteak beste, talde immunitatea deiturikoa aztertuko dute. Horren arabera, populazioak gaitza pasatu badu, ehuneko batetik gora, birusak ez du modurik zabaltzen jarraitzeko, eta izurria berez amaitzen da. Baina azterketa serologikoak egitea garestia da, eta eredu matematikoen bidez simulatzea askoz merkeagoa da, talde immunitatea lortu ote den jakiteko. «Aztertzen ari garen ereduak behar bezain zehatzak badira, iragarri ahalko da noiz erdietsiko dugun talde immunitate hori».