EHUko errektoregaia

Joxerramon Bengoetxea: «EHUko langile guztiek baldintza onetan lan egin ahal izatea behar dugu»

EHUren norabidea aldatzea beharrezkoa dela ikusita, Bengoetxea errektore izateko hautagai izango da. Baliabideak eskatu ditu: «Finantzaketa areagotzea ezinbestekoa izango da».

JON URBE / FOKU
JON URBE / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
Donostia
2024ko ekainaren 22a
05:00
Entzun

Urte amaieran egingo dituzte EHU Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea aukeratzeko hauteskundeak, eta unibertsitate publikoaren lemazain izateko aurkeztuko dela iragarri du Joxerramon Bengoetxeak (Irun, Gipuzkoa, 1963). Bengoetxea Zuzenbidearen Filosofian katedraduna da EHUn, eta, oraingoz, harena da hautagaitza ofizial bakarra. Halere, azken hiru bozetan ez bezala, lehia egon daiteke, oraingo errektoretza taldearen ingurutik ere hautagaitza bat aurkezten bada.

Zergatik hartu duzu erabakia?

Azken urteetan sentitu dut unibertsitatean aldaketa batzuk egin behar direla, eta lankide batzuek animatu naute pauso hau ematera. Gainera, pertsonalki eta ibilbide akademikoan aldaketaren bat egiteko prest nago orain.

Zer aldatu behar da EHUn?

Aldaketa konplexuak dira; unibertsitate bat aldatzea ez da gauza erraza. Zailtasun handiak daude batez ere ordezkapenetan eta karrera hasten ari diren irakasleentzat, eta baldintza ekonomikoak eskasak dira. Asko motibatzen nau horretan aldaketa batzuk bilatzeak; horretarako, jakina, finantzaketa izango da giltza. Finantzaketa areagotzea ezinbestekoa izango da. Oso funtsezkoa da komunitate guztia ondo, gustura, zainduta egotea, beren funtsezko lana egin ahal izateko: kalitatezko irakaskuntza bat eskaintzea, ikertzea, eta, neurri batean, baita transferentzia ere. Gizarteak aurrean dituen erronka handiei unibertsitateak bere ekarpena egiteko, unibertsitateko langile guztiek baldintza onetan lan egin ahal izatea behar dugu.

Zer da premiazkoena?

Lan baldintzak hobetzea, kasu berezi batzuetan. Uste dut aurrerapausoak eman daitezkeela nazioartekotzea areagotzeko ere. Eta euskaraz egiten den eskaintza finkatu behar da: eskaintza ofizialek, graduak nahiz graduondokoak, elebidunak izan behar dute. Iruditzen zaigu ingelesa eta gainerako nazioarteko hizkuntzak ere bultzatu behar direla, eta, horrekin batera, ikerkuntzarako erraztasunak eman behar dira. Horiek dira identifikatzen ditugun batzuk, baina gure asmoa da prozesu bati ekitea, ekarpenak jasotzeko gainontzeko irakasleengandik eta langileengandik; saiatuko gara adostutako programa bat lortzen.

«EHUn ofizialak diren gradu eta graduondoko guztiak euskaraz ere eskaini behar dira».

Ikasturte hasieran aurkeztuko duzu errektore bazara ondoan izango duzun taldea. Zerbait aurreratu al dezakezu?

Nahi dugu zenbait diziplina edo arlo zientifiko egotea; oso garrantzitsua da campus denak ordezkatuta eta protagonista sentitzea ere; beraz, zenbait campusetako irakasleak izango dira. Gizon-emakumeak behar ditugu, jakina; karreran jada kontsolidatuta daudenak eta karrera hasten ari diren pertsonak izango dira... Orekak lortu behar ditugu.

Finantzaketa aipatu duzu. Behar baino eskasagoa al da?

Zalantzarik gabe. LOSU Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoak agintzen du barne produktu gordinaren %1 izatea dela helburua, eta ez ginateke Europako batezbestekoan ere egongo; horren erdian gaude. Europako unibertsitateen estandar ertainetan kokatu nahi badugu, orain jasotzen dugun finantzaketa ia halako bi jaso beharko genuke. Ezin ditugu beste finantzaketa batzuk baztertu, baina proiektu puntualetarako izan behar dira. Ohiko gastuetarako eta inbertsioetarako behar dena finantzaketa publikotik etorri beharko litzakete.

Egun, unibertsitate pribatuari egiten al zaio mesede?

Galdera zaila da, eta ezin da orokortu. Guk zerbitzu publiko berezi bat ematen dugu, kalitatezko hezkuntza bat. Konparatzen badugu zenbat kostatzen den gradu bat pribatuan edo gurean, askoz errazagoa da gurean sartzea. Hala ere, beken eta laguntzen sistema indartu behar dugu. Baina unibertsitate pribatu gehienek ez dute helburu beren unibertsitatera sartzea errazago egitea. Beste helburu batzuk dituzte, eta horregatik eskaintzen dute merkatuak eskatzen omen duena; guk eskaini behar dugu merkatuak eskatzen duena, baina baita ezagutza zaintzeko beharrezkoak diren diziplinak ere, irteera oso-oso indartsuak ez dituztenak. Neurri handi batean, gure unibertsitatearen ardura da ezagutza eta zientzia zaintzea, babestea eta aberastea.

EHUk administrazioen behar besteko babesa eta aitortza jasotzen al du?

Zaila da orokortzea. Unibertsitate publikoa eta pribatuak euskal unibertsitate sisteman kokatzen gaituzte. Agente nagusia gara, baina beste agenteekin batera gaude. Euskal Herriko Unibertsitatea ezin da izan beste agente bat: protagonista berezi-bereziak izan behar dugu, publikoak garelako. Ez dut esan nahi unibertsitate pribatuak kendu behar direla edo laguntza gutxitu behar zaiela, baina, pribatuak diren aldetik, beren ardura izan beharko litzateke beren finantzaketa iturri pribatuak bilatzea. Zerbitzu publikorik handiena Euskal Herriko Unibertsitateak ematen du.

«EHU ezin da izan beste agente bat: protagonista berezi-bereziak izan behar dugu, publikoak garelako».

Bere jendea zaintzen duen unibertsitatea behar dela esaten duzu. Zer esan nahi du horrek?

Zaintza giltza da, eta gure kolektibitateak zainduta sentitu behar du; gustura lan egin; jasanezina den presiorik gabe egon; aukera ikusi karrera egiteko, aurrera egiteko, hobetzeko, irakaskuntza baldintza egokietan egiteko... Zaindu egin behar ditugu gure kide guztiak: irakasleak, ikasleak, administrazioko teknikariak eta zerbitzuetako langileak... 

EHUk Euskararen IV. Plan Gidaria onartu berri du. Zer proposamen dituzue?

Gure unibertsitatea elebiduna izango da, eta euskaraz lan egitea guztiz ohikotzat jo beharko litzateke. Euskaraz eta euskaratik bizi nahi dugu, gainerako hizkuntza guztietara irekita. Horri gehitu behar zaio ofizial diren gradu eta graduondoko guztiak euskaraz ere eskaintzea. Izugarria da zenbat lortu dugun, eta hori ondo zaindu behar dugu: euskara teknikoak zer maila hartu duen gure unibertsitatean... Baina areagotu daiteke, eta euskara izan dadila munduko gainontzeko hizkuntza zientifikoen parekoa. Gero, ikerkuntza, eta, batez ere, dibulgazioa euskaraz egitea ere bultzatu behar da.

Hautagai bakarra izan da EHUko azken hiru hauteskundeetan. Espero al duzu lehiakiderik?

Ez dakigu formalki. Oraingo errektoretza taldea berriz aurkezten bada, kontrastatzea nahi genuke, elkarrizketa lasai bat edukitzea unibertsitateak dituen premien eta ereduen inguruan.

Eva Ferreirarekin [egungo errektorea] hitz egin al duzu?

Bai. Kontaktuan egon naiz, komentatu diot nire asmoa, eta neure burua eskaini dut biltzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.