Azaroak 26. EHUko errektoretzarako hauteskundeen eguna. Leioako campuseko liburutegia. Bat, bi, hiru… Hamar balde daude eskaileretan itoginetatik sartuko den ura noiz jasoko. Kolore guztietakoak: grisak, urdinak, gorriak...
Ez da metafora bat. Ez, ez. Zenbait itogin fisikoak dira EHUn; hala moduz daude eraikin batzuk: hezetasuna, sartzea arriskutsua delako itxita dauden eremuak, ikasleak kabitzen ez diren ikasgelak... Badira beste itogin batzuk begiratu hutsarekin ikusten ez direnak; halere, pixka bat aztarrika eginez gero, berehala geratzen dira agerian.
Azken egunotan gertatutakoak dira. Donostiako campuseko ikastegiko eta Leioako campuseko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko kafetegiak. «Kafesne bat, mesedez». Eskea euskaraz; barraz bestaldetik, baina, erantzuna gazteleraz. Fakultate bereko idazkaritza. Halako eta bestelako paperez galdezka, euskaraz. Esaldia bukatzerako, erantzuna: «En castellano, si no te importa» [gazteleraz, axola ez bazaizu]. Bada, bai, inporta du. Edurne Azkaratek esana da euskal zinema deritzon horri euskara falta zaiola; Euskal Herriko Unibertsitatea deritzon horrek ere behar du euskara gehiago.
Lan baldintzetan ere badu herrenik. Ordezko irakasleak kexaka dabiltza etengabe, 800 euroko soldatak-eta dituztelako. Beste batzuk karrera finkatu ezinda ari dira. Bizirik irauteko nahikoa lan, zer esanik ez bizitzeko. Duintasun kontua da. Unibertsitate batek, unibertsitate publiko batek, zaindu egin beharko ditu bere langileak, ezta? Eta zaintzea ez da hilaren bukaeran ondo kobratzea bakarrik, baina hori ere bada.
Badira beste zenbait ezin ere: dela gehiegizko burokrazia, direla ikerlariei ezartzen zaien gehiegizko presioa eta horrek sortzen dituen buru osasuneko arazoak...
Bestalde, ezin da ukatu: unibertsitate publikoak tantaka-tantaka aurrera egin du azken urteetan; gaur egun, graduetako eskaintza ia osoa euskaraz da, bidean da Medikuntza eta Erizaintza Fakultate berria...
Baina unibertsitateko komunitateak aldaketa eskatu du. Argiki. Botoa eman dutenen artean, hamar kidetik zazpik aukeratu dute Joxerramon Bengoetxea errektore izateko, eta nagusitasunez irabazi du; hiru campusetan izan da garaile, sektore guztietan: ikasleen artean, katedratikoen artean... Langileek eta ikasleek hamasei urtean ez dute eduki modurik benetan aukeratzeko; bi hautagai aurkeztu direnean, hau da, hautatzeko benetako aukera eman zaienean hitz egin dute: aldaketaren alde.
Hain zuzen, Bengoetxeak adierazia du EHUk norabidea aldatu behar duela. Ez du lan makala izango: EHU erraldoia da, eta majo olioztatu beharko dute mugi dadin. Ondoan beharko dituzte gizartea eta erakundeak. Sei urte dituzte lan horretarako.