Espainiako Infolibre.com atari digitalak joan den astean argitaratu zuen Espainiako Gobernuak Maria Jose Beaumont espiatu zuela, Nafarroako kontseilari izan zenean. Kitchen auziaren harira atera zituzten argitara Beaumonten espioitza kasua frogatzen duten Whatsapp elkarrizketak. LAB sindikatuaren arabera, ikerketa horren bidez, «auzi horrekin zerikusirik ez duten beste datu batzuk» agertu dira. Izan ere, Francisco Martinez Segurtasuneko estatu idazkari ohiaren eta Enrique Garcia Castaño Guardia Zibilaren komisario eta UCOko buruaren arteko elkarrizketan, EHUko irakasle batzuei buruzko informazioa agertu da. Elkar trukatu zituzten mezuen arabera, informazio hori EHUko segurtasun buruari eskatu zioten. Hori dela eta, sindikatuak azalpenak eskatu dizkio errektoreari.
Infolibre.com-ek argitaratu zuenez, 2015eko apirilaren 2an, izenez aipatu gabeko pertsona bati buruz aritu ziren Martinez eta Garcia Castaño. «Badakizu honetaz zerbait? Izan liteke Ahal Dugu-koa edo Bildukoa?», galdetu zuen Martinezek. «Berehala esango dizut», erantzun zion Garcia Castañok. Ordu laurdenera eman zion informazioa: «2012an Askapenarekin kolaboratzen zuen; alegia, gehiago da Bildukoa. EHUko burua lokalizatu nahian nabil, horrek ziur jakingo baitu». Handik minutu batzuetara gehitu zuen poliziak: «EHUko segurtasun buruak esan dit orain Ahal Dugu-rekin dagoela».
«Informazio hau benetakoa dela konfirmatzen bada, bereziki larria da», salatu du LABek. «EHUtik segurtasun buruaren bitartez, antza, EHUko langileen informazioak Poliziari zuzenean pasatzeak muga batzuk zeharkatzea esan nahiko luke». Gertaera horretatik ia zortzi urte igaro dira, baina LABek ziurtatu du segurtasun buruaren karguan pertsona berak diharduela oraindik. «Unibertsitateko langileen proiektu asko aurrera egin ahal izateko datuen babeserako araudiak betetzeko exijitzen zaigu guri, baina EHUko segurtasunaren buruak langileen informazio pertsonalak eta beren filiazio politikoari buruzko datuak Poliziari ematen dizkio».
Egoera ikusita, LABek kasua ikertzea eta segurtasun buruaren zereginak eta funtzioak zeintzuk diren azaltzea exijitu dio errektoreari. Eta galdetu dio ea asmoa duen neurriak hartzeko, langileen «funtsezko eskubideen kontrako halako informazio filtraziorik» berriro gerta ez dadin. «Langileon eskubideen kontrako EHUko jardunbide polizialari ezezko argi batez erantzun behar zaio, eta neurri eraginkorrak planteatu».