EHU Euskal Herriko Unibertsitateko ikasgeletan isiltasuna izan zen nagusi atzo, irakasle, ikerlari eta ikasle askok kalera ateratzea erabaki baitzuten. «Ordezko irakasleak lanaldi osora», «800 euroko soldata, miseriazko soldata» eta halako aldarrikapenak entzun ziren Bilbon, Donostian eta Gasteizen egindako mobilizazioetan. LAB, CCOO, ELA eta Steilas sindikatuek deitu zuten lanuztera, irakasleen eta ikertzaileen lan baldintza «kaskarrak» salatzeko. Hala, sindikatuek adierazi zuten grebak «oso erantzun zabala» izan zuela. EHUren errektoretzak, ordea, bestelako datuak eman zituen: atzoko 14:00etan «200 pertsona inguruk» adierazia zieten grebarekin bat egingo zutela, baina «kolektibo horretako kideak 5.500» dira.
Greba eguna izan arren, zentroak irekita egon ziren, teknikariak eta administrazio eta zerbitzuetako langileak ez baitzeuden lanuztera deituta —lantaldearen laurdena dira—. Ikasleak bai, ordea, EHUko Ikasle Kontseiluak berak etenaldi akademikora deitua zuen-eta. «Izan ere, EHUko langileok pairatzen ditugun arazo, prekarizazio eta lan baldintzen okertzeak ondorio zuzena dauka ikasleengan ere», adierazi zuten sindikatuek Donostiako elkarretaratzean.
Hori ongi daki Galder Sierrak. Zientzia Politikoetako irakaslea da Leioako campusean (Bizkaia). Donostiako protestan izan zen atzo, eta erran zuen LOSU Espainiako Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoa martxan denetik unibertsitateko egoera «nahiko etsigarria» dela, «batez ere errektoretzak lege horren inguruan egiten duen interpretazioa delako lanaldi osoko ordezkapena kentzea». Sierrak garbi du ordezkoei ez ezik, gainerako irakasle egonkorrei eta ikasleei ere eragiten diela: «Norbaitek ordezkapena baldintza hauetan egiteari ezezkoa ematen dionean, gure lankideek eman behar dituzte ikasgai gehiago, eta haien lan zama pila bat handitzen da. Edo, bestela, ikasleek ez dute eskolarik jasotzen».
Elkarretaratzean, erran zuten ordezkapenak egiteko baldintzak izan direla greba deialdia egiteko arrazoi nagusia lanaldi partziala, eta 800 euroren truke, baina ez bakarra. Azken urteetan EHUko irakasleen eta ikertzaileen lan baldintzek okerrera egin dutela-eta, zenbait adibide eman zituzten: «Lan zama handitzea, aldi baterako ikertzaileei eta irakasleei ikerketa seiurtekoak ukatzea, erretiroen akordioak deuseztatzea eta burokrazia handitzea», bertzeak bertze.
Ados da Sierra: unibertsitatean prekaritatearen gaia ez dela berria. Hala ere, garai batean bazuten «progresio bat izateko esperantza»: «Lehen, ordezkapen kaskarrak hartuz hasten ziren irakasleak, 800 euro edo gutxiagokoak, baina puntuazioa handitzen zuten poliki, eta ordezkapen hobeak lortzen zituzten. Beraz, espektatibak behintzat bazituzten. Legearen interpretazio honekin, hori eten egin da».
Eskariak
Sierrak gehitu zuen guztiei eragiten dien egoera «etsigarri» horrek ondorio nabarmenak dituela: «Oso formakuntza ona eta unibertsitatean ibilbide luzea duen jendeak bere ibilbidea etetea planteatu du».
Egoera ikusita, sindikatuek EHUko errektoretzari eskatu zioten norabidea aldatzeko, aldebakartasuna alboratzeko eta «langileen kontrako neurriak» gelditzeko. «Bikaintasuna behin eta berriro aipatzen badute ere, Shanghai zerrendarekin liluratuta badaude ere, lan baldintza duinik ez duen plantilla batekin ezin da kalitatezko unibertsitate bat garatu». Eusko Jaurlaritzari, berriz, EHUra behar bertze baliabide bideratzeko eskatu zioten, eta langileen soldatak duintzeko.
Aldarrikapen bat ere egin zuten: «Borrokan jarraituko dugu beste unibertsitate eredu baten alde, euskal jendartearen zerbitzura, eta lan baldintza duinekin». Hala, sindikatuek urriaren 25eko sektore publikoko grebara deitu dituzte EHUko langileak.
EHUko irakasleek eta ikertzaileek baldintza «kaskarrak» salatu dituzte
Greba egunean, salatu dute ordezko irakasleen lan baldintzek zuzenean eragiten dietela gainerako irakasleei eta ikasleei. Urriaren 25eko sektore publikoko grebara deitu dituzte EHUko langile guztiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu