EHUko irakasle bat ikertzen ari dira, mezu matxistak, faxistak eta LGTBIfobikoak zabaltzeagatik

EHUko Ikasle Kontseiluak eta Ikamak salatu dutenez, irakasleak Arabako campuseko Farmazia Fakultatean lan egiten du. Vox alderdiaren eta Israelen aldeko mezuak ere idatzi ditu sare sozialetan.

Elkarretaratzea EHUko Leioako campusean, iazko urrian, mezu faxistak eta arrazistak zabaldu zituen irakaslearen aurka. LEIOATIK
Elkarretaratzea EHUko Leioako campusean, iazko urrian, mezu faxistak eta arrazistak zabaldu zituen irakaslearen aurka. LEIOATIK
Ion Orzaiz.
2025eko otsailaren 7a
20:00
Entzun

EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle baten jokabidea salatu dute ikasleek. EHUko Ikasle Kontseiluak eta Ikamak adierazi dutenez, irakasle horrek «mezu arrazistak, transfoboak eta faxismoaren aldekoak» zabaldu ditu bere sare sozialetan. Diario Vasco egunkariak argitara eman duenez, Ikasle Kontseiluak berak salaketa aurkeztu zuen atzo, eta EHUk ikerketa abiatu du. Salatutako irakasleak Arabako campuseko Farmazia Fakultatean ematen ditu eskolak.

Ikasle elkarteek salatu dutenez, LGTBI kolektiboaren aurkako eta Franco diktadorearen aldeko mezu iraingarriak idatzi zituen irakasle horrek: «Ezkerrari botoa ematen dioten bollerek kandela batek baino argi gutxiago dute» edo «Gizon batekin hobeto bizi ginen» . Horrez gain, sostengua adierazi zien behin baino gehiagotan Vox alderdiari eta alderdi horren buruzagi Santiago Abascali, eta baita Israelgo Estatuari ere.

Ohar batean, Ikama elkarteak gogorarazi du hura ez dela iruzkin «faxistak, transfoboak, arrazistak eta frankistak» egiten dituen EHUko irakasle bakarra: «Ikasturte hasieran, Leioako EHUn irakasle faxista baten berri izan genuen. Bagenekien ez zela kasu bakana izango, eta horrelako beste egoera batzuei aurre egitea egokituko zitzaigula». Ikasle mugimenduaren irudiko, orain azaleratutakoa ere «gaur egungo olatu faxistaren eta balio erreakzionarioen gorakadaren ondorio zuzena» da. Halakoei aurre egiteko deia ere egin du Ikamak: «Mundu ikuskera aurrerakoi eta ezkertiar bat defendatzen dugunok eraso gisa ulertu behar dugu; honen aurka irmo jokatu eta alternatibak mahaigaineratu behar ditugu». Erantzun «kolektibo» bat emateko beharra ere nabarmendu dute, eta iragarri datozen egunetan mobilizazioak eginen dituztela, «irakasle hau kanporatua izan arte».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.