Datua ez da nolanahikoa: 1980. urtean sortu zenetik, EHU Euskal Herriko Unibertsitateak 130.000 profesional trebatu ditu euskaraz. Zentroko euskara arloko arduradunek uste dute unibertsitate publikoa «erreferente» bihurtu dela lau hamarkada hauetan, eta horrek euskararen hedapenean izandako eragina nabarmendu dute gaur. «EHU gabe, ezin izango litzateke azaldu euskararen garapena hizkuntza zientifiko bezala, ezta euskararen hedapena hezkuntzaren, osasunaren, ekonomiaren, zuzenbidearen eta kazetaritzaren eremuetan ere», esan du Eva Ferreira errektoreak, Leioako campuseko Bizkaia aretoan eginiko agerraldian. Harekin batera, EHUk euskararen alorrean izandako bilakaerari buruzko datuak eman dituzte Junkal Gutierrezek, Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko errektoreordeak, eta Itziar Lakak, Euskara Sustatzeko zuzendariak.
Ikusi gehiago
Euskarazko eskaintza
EHUk euskaraz eskaintzen dituen gradu eta graduondoko ikasketei dagokienez, «aurrerapen esanguratsua» nabarmendu du Ferreirak. Izan ere, 2013an, kredituen %75 ematen ziren euskaraz; gaur egun, ia denak dira: %95. Graduetako eskaintza ia osoa euskaraz izanagatik, nabarmen apalagoa da euskarazko matrikulen ehunekoa: graduko ikasleen %54 matrikulatu dira euskaraz 2023-2024 ikasturtean, eta koska bat txikiagoa da gradu amaierako lana euskaraz egiten dutenen kopurua: %41. Hazkundea nabari da ikasketak euskaraz egiten dituztenen ehunekoan, baina mantsoagoa: 2005ean, ikasleen %36 ziren; 2015ean, %47; eta gaur egun, erdiak baino pixka bat gehiago. Graduondoko ikasketetan, euskarazko eskaintza askoz murritzagoa da —kredituen %25—, eta ikasleen %23 matrikulatzen dira euskaraz. Tesiei dagokienez, azkenik, 62 euskarazko tesi egin ziren iaz. «Egun, euskaraz egiten diren tesi guztien %90 EHUn egiten dira», azaldu dute unibertsitateko arduradunek.
zenbakiak
%95EHUk euskaraz eskaintzen dituen kredituen ehunekoa. Eskaintza ia osoa euskaraz du Euskal Herriko Unibertsitateak. 2013an, %75 ziren euskaraz eskainitako kredituak.
130.000EHUn euskaraz ikasi dutenak. Unibertsitateko arduradunek azaldu dutenez, EHU sortu zenetik gaurdaino 130.000 profesional prestatu dituzte euskaraz.
%54Matrikula euskaraz egiten duten ikasleak. 2023-2024 ikasturtean EHUn izena eman dutenen erdiek baino gehiagok euskaraz egin dute matrikula. Ehuneko horrek ere gora egin du azken urteetan: duela hogei urte, ikasle guztien herenek egiten zuten matrikula euskaraz.
Langileen euskalduntzea
Gaur egun, euskaldunak dira EHUko hiru irakasletik bi (%66). Errektorearen irudiko, «esanguratsua» da alor horretan izandako goranzkoa ere, 2010ean irakasle eta ikertzaile elebidunak %45en bueltan zebiltzalako; eta 1998an, %23 ziren, lautik bat ere ez. Gainerako langileei dagokienez, berriz, datuak apalagoak dira. EHUko errektoreak aurkeztutako txostenaren arabera, euskaldunak dira administrazioko, zerbitzuetako eta kudeaketako langileen eta teknikarien %42. 2010ean, hirutik bat ere ez ziren.
Ekoizpena
Argitalpenen eta material didaktikoen ekoizpenaren atalean, EHUk eginiko «ahalegin handia» azpimarratu dute Ferreirak, Gutierrezek eta Lakak. «Euskal unibertsitate publikoak argitalpen zientifiko eta material didaktiko asko ekoizten du, eta ekoizpen hori, unibertsitatean bertan erabiltzeaz gain, hezkuntzako beste maila batzuetan, beste unibertsitate batzuetan eta erakunde akademikoetan ere erabiltzen da», esan dute. Ferreiraren esanetan, EHU da «euskarazko argitalpen akademiko gehien ekoizten eta argitaratzen duen eragilea». Iaz, adibidez, milatik gora eskuliburu eta monografia argitaratu zituzten euskaraz (1.048), eta halako bi izan ziren euskaraz argitaratutako artikulu zientifikoak (2.203).
Unibertsitatetik gizartera
Azkenik, EHUko arduradunek azaldu dute zer egiten duen unibertsitateak bizitza sozialean euskararen erabilera sustatzeko. Aktibatu, Unikoak eta Euskal Game Jam gisako egitasmoez gain, atzerriko ikasleei eskainitako euskarazko eskolen eta unibertsitateak jasotako Bikain ziurtagirien berri eman dute, besteak beste. «Aipatzekoak dira, halaber, euskal hizkuntzari eta kulturari lotutako Jose Migel Barandiaran eta Gabriel Aresti katedrak, baita Kultura Zientifikoko Katedrak egiten duen dibulgazio lan handia ere, 3.620 artikulu eta 238 bideo zientifiko argitaratu baititu euskaraz», azaldu dute agerraldian.