EHUko ikasleei mezu elektronikoen bidez iruzur egiten saiatu direla ohartarazi du Ertzaintzak. Azaldu dutenez, azken bi egunetan, ikasleek mezuak jaso dituzte ordaintzea falta zitzaizkien 850 euro ordaintzeko eskatuz. Itxuraz «legezkoa» dirudien arren, Ertzaintzak nabarmendu du «phising kanpaina bat» dela.
«Phishing-aren teknika da ziberdelitugile batek erabiltzaile bati mezu elektroniko bat bidaltzea, erakunde legitimo baten itxurak eginez, iruzurrezko arrazoiak aipatuz ordainketa bat egitera behartzeko», zehaztu dute. Kasu honetan, ikasleei ordainketa lehenbailehen egiteko eskatu diete mezuan. 24 orduko epean ordainketa egin ezean euren aurkako legezko ekintzak hasiko dituztela adierazi diete. Mezuan bertan, kontu korronte baten zenbakia eta ordainagiria bidaltzeko helbide elektroniko bat helarazi diete.
Ertzaintzak ikasle eta senideei iradoki die jasotzen dituzten mezuak arretaz irakurtzeko, «kanpaina masibo horren mehatxuaren aurrean». Are, gomendatu die horrelako jakinarazpenei ez erantzuteko eta horrelako mezuak zuzenean ezabatzeko. Ordainketaren bat egin badute, berriz, transakzioari buruzko dokumentuak ez ezabatzeko eskatu diete, eta «lehenbailehen» salaketa jartzeko. Ertzaintzak hainbat salaketa jaso ditu jada.