«Iruzkin matxistak eta arrazistak» egin dituen irakaslearen ikasleek esan dute ez dutela nahi hark berriz eskolarik ematerik

Leioako EHUko ikasleek «irakasle faxista» baten aurka antolatu protestaren ondotik, irakasle horren eskolak hartu dituen ikasle taldeak gizon hori kanporatzeko eskaera berretsi du, eta azken egunetan gertatutakoaren gaineko argibideak eman ditu.

Leioako ikasleen protesta atzo. LEIOATIK!
Leioako ikasleen protesta, atzo. LEIOATIK!
Iñaki Etxeleku.
2024ko urriaren 1a
11:00
Entzun

Agiri baten bidez, azken egunetako gertakariak argitu nahi izan ditu EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko Bizkaiko Saileko 301 ikasgelako ikasle taldeak, eta, egoeraren azterketa egiteaz gain, esan dute salatutako «irakasle faxista» ez dutela ikasgelan gehiago nahi. Atzo protesta jendetsu bat egin zuten Leioan (Bizkaia) irakasle horren jarrera salatzeko. Lehengo astean ikasle horien ikasgelan abiatutako protesta bat izan zen irakaslearen aurkako protestaren abiaburua. Taldeko gehienak ez direla «inongo talde edo elkarte politikotako kideak» zehaztu dute oharrean.

Sare sozialetan mezu «arrazistak, klasistak eta matxistak» izan dituen irakaslea Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbidea I ikasgaiko ordezko irakaslea dela argitu dute 301 ikasgelako ikasleek. Atzoko Leioako campuseko protesten ondotik, agiriaren lehen helburua zein den argitu dute: «Gertatutakoa zuzenean eta bitartekaririk gabe kontatu ahal izatea».

Delako irakaslea irailaren 23an heldu zitzaien eskolak ematera, amatasun baimenean sartu berri zen irakasle bat ordezkatzeko. «Egun horretan bertan, gizon horrek bere sare sozialetan iruzkin matxistak, LGTBIfobikoak, xenofoboak, arrazistak, bortitzak, mehatxuzkoak egiten zituela jakin genuen», adierazi dute ikasleek, eta mezu horietarik hamabi transkribatu dituzte agirian. Denak gazteleraz idatziak izan ziren. Ikasleek transkribatu hamabi mezu horietarik bakar batzuk baizik ez aipatzearren, hona 2023ko urriaren 19ko hau: «Abortuaren aldeko emakumeak, aita baztertu eta bizitza gutxiesten duzuenak, puta-alabak zuek, garbitu al duzue lehengo egunean agindu nizuen bezala? Orbanen bat ikusten baduzue plater edo edalontziren batean, ikusiko duzue zer den ona... Kondenatu krimena eta erdi zaitezte, kabroiak, Gora Espainia, marroiak»; edo joan den ekainaren 5eko beste hau: «Nolako marikoi itxura daukazuen Euskal Herriko PPkoek. Modako bilakatu da marikoiarena egitea bozkak irabazteko, ala?». Beste mezuetan denetarik aurki daiteke: Espainiako armada Kataluniara bidali behar dela eta kolpe militarra jo; Pedro Sanchezen, Irene Monteroren eta Arnaldo Otegiren kontrako mezuak eta abar.

Irakasle horrekin hasieratik ikasgelan gertatu zena ere kontatu dute 301 taldeko ikasleek. «Lehen eskola horretan esan zuen galderarik izanez gero arlo horretako beste irakasle bati helaraziko zizkiola, eta, ondoren erantzungo zigula, ez baitzegoen espezializatuta gure irakasgaia hartzen duen Zuzenbidearen arloan», jakinarazi dute. Sareetan zabaldutako «iruzkin erreakzionarioetatik harago» ere, irakasle horrek fakultate horretako ikasgai horretan eskolak emateko «gaitasunari eta prestakuntzari buruz» zalantza handiak dituztela azaldu dute.

Ikasleek esan dute, gainera, unibertsitateko arduradunei abisua eman zietela irakaslearen portaeraren berri emateko; «modu anonimoan» egin zuten horretarako bidea, eta «erregelamenduz ezarritako kanalen bidez». Joan den astean fakultatean irakaslearen mezuen gaineko berria hedatzen hasi zela azaldu dute, eta ostiralean kontzentrazio bat egin zela, baina «jarduera baketsu bat» izan zela. Ostiraleko kontzentrazio egunaz erran diren informazio batzuk gezurtatu nahi izan dituzte horrela ikasleek. Delako irakaslea ikasgelara 10:50 aldera agertu zela zehaztu dute ikasleek, «segurtasun zaindariek babestuta». Ikaskide batzuek beren gauzak barnean utziak zituzten. «Itzultzean, gelako ateak itxita eta campusak azpikontratatutako segurtasuneko lau kidek zainduta» aurkitu zituzten. 301 ikasle taldeak gezurtatu egin nahi izan du irakaslea, eta esan du ez zela bi orduz atxikita egon «bere borondatearen aurka».

Ikasgelatik kentzeko eskaera

Gertakariak argiturik, ikasleek «aho batez» gaitzetsi dituzte irakasle horren adierazpenak. «Gure ustez, modu eta hitz horiek ez dute lekurik gure gizarte demokratikoan, eta haren oinarrizko balioei eraso egiten dietela deritzogu». Delako adierazpenek legea urratzen dutela gehitu dute: «Zigor Kodearen 510. artikuluan tipifikatutako gorroto diskurtsoaren delituaren eta adierazpen askatasunaren arteko muga gainditzen dute».

«Politikoki, ideologikoki eta sozialki» ikasle talde «heterogeneoa» direla adierazi dute ikasleek; unibertsitatean direnetik askotariko ideiak zeuzkaten irakasleekin eztabaida sanoak izan dituztela adierazi dute. «Ez diogu inoiz irakasle bati halako jarrera erreakzionario eta kezkagarririk ikusi». Irakasle faxistak egin adierazpenez harago, ikasleek ez dute ulertzen nolaz iritsi den eskolak ematera: «Irakasle gisa agertze hutsak gure hezkuntzaren kalitateari eta EHUko irakasleen prestigioari kalte egiten diela deritzogu».

Ikasle taldeak eskaera horrekin bukatu du agiria: «Gizon honek ez diezagula berriro eskolarik eman eta ahalik eta azkarrena konpon dadila egoera hori, Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbidea I ikasgaiko eskolak jasotzeko dugun eskubidea kaltetuta baitago».

Salatu dute irakasleak mezu berri bat zabaldu berri duela sare sozialetan. «Oso lasai» dagoela esan du, eta badakiela unibertsitateak ez diola ezer esango. Geldegin du zergatik esanen dioten zerbait berari «txio batzuengatik», «abortuaren aldekoei» ez badiete ezer esaten; eta mezu horretan bertan, abortua juduen aurkako genozidioarekin parekatu du.

Ohar bat atera dute fakultateko Dekanotza Taldeak eta Ikasle Kontseiluak ere. Unibertsitateko komunitatean «jazarpen» keinu oro baztergarria dela esan dute. «Normaltasun akademikoa» ezin dela inoiz urratu erantsi dute, eta «legezko» bideak badirela kexuak-eta adierazteko. Era berean, unibertsitatearen «printzipioak» urratzen dituzten mezuak «irmo» baztertzearen alde egin dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.