EHUko ikasle kontseiluak arbuiatu egin du mezu «arrazistak eta matxistak» egin dituen irakaslearen jarrera

Ikasleen mobilizatzeko eskubidea ere aldarrikatu dute, «errespetuan oinarrituta eta mehatxuzko edota beldurrezko jarrerarik gabe».

EHUren Leioako campuseko 2019ko argazki bat. MITXI / EHU
EHUren Leioako campuseko 2019ko argazki bat. MITXI / EHU
Isabel Jaurena.
2024ko urriaren 7a
16:10
Entzun

EHUko irakasle batek sare sozialetan zabaldutako mezu «arrazistak, klasistak, matxistak eta misoginoak» salatzeko protesta andana egin zuten joan den astean Leioan (Bizkaia), Zuzenbide Fakultatean. Bada, ostegunean indarkeria matxistaren aurkako prozedura ireki zioten, eta kautelazko neurri gisa erabaki zuten haren jarduna etetea. Egoera ikusita, EHUko ikasle kontseiluak ohar bat zabaldu du gaur: «Aringarririk gabe arbuiatzen ditugu aipatutako irakaslearen jarrerak, gure unibertsitatean nahi ditugun balio demokratikoen eta errespetuzkoen aurka doazelako erabat». Ikasleei, berriz, babes osoa eskaini diete.

Zuzenbide fakultateko Bizkaiko Saileko 301 ikasgelako taldekoak dira irakasle horren ikasleak. Haren aurka egin dituzten jardunbideen berri eman zioten joan den astean BERRIAri, eta zenbait zehaztapen egin: unibertsitatearen arabera, duela bi aste «oihu eta mehatxu artean» irakaslea «bere borondatearen kontra» atxiki zuten ikasleek. Ordea, gertaera haien inguruan emandako bertsio hori ukatu dute ikasleek, eta argi utzi ez zela «borondatearen kontrako atxikitzerik» egon. Adierazpen horiei buruz ere aritu da ikasle kontseilua: «Ikasle horiek dira pertsona horrengandik irakaskuntza jaso dutenak eta ondoren eskolak etenda ikusi dituztenak. Hori dela eta, une oro entzun behar zaie, dagokion prozedurak irauten duen bitartean».

Ikasleen mobilizatzeko eskubidea ere aldarrikatu dute, «errespetuan oinarrituta eta mehatxuzko edota beldurrezko jarrerarik gabe». Hedabideei ere mezua igorri diete, «ikasleen kriminalizazioa» gaitzetsiz: «Errespetua eta tratu duina eskatzen diegu hedabideei, baita informazioa kontrastatzea eta zuhurtzia maila bat ere horrelako albisteak argitaratu aurretik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.