Itxi dituzte EHUko hautetsontziak eta boto zenbaketa hasiko da orain

20:30ean egingo da emaitzen berri emateko agerraldia, Bilbon, Bizkaia aretoan.

Jendea botoa ematen gaur, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Jendea botoa ematen gaur, Donostian. FOKU
arantxa iraola
2024ko azaroaren 26a
18:05
Entzun

Heldu da eguna: gaur egin dira EHU Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea hautatzeko bozak. Goizean eman dute botoa bi errektoregaiek. 10:30 pasatxo zirenean eman du botoa Joxerramon Bengoetxeak, unibertsitatean bere-berea duen eremuan, Donostiako campuseko Zuzenbide fakultatean. Bere taldeko kideak izan ditu ondoan, eta hainbat ikasle ere hurbildu zaizkio ingurura, agurtzera. Eva Ferreirak geroago eman du botoa, 11:30 aldera, Bibon, Sarrikon, Ekonomia eta Enpresa Fakultatean. Katedraduna da bertan, Ekonomia Aplikatuan. Bere taldeko kideak ondoan izan ditu berak ere.

18:00ak arte egon da botoa emateko era. Itxita daude ja hautetsontziak. Emaitzak 20:30 alderako espero dira. Bizkaia Aretoan agerraldi bat egingo da, eta han jakinaraziko dira.

Bengoetxeak nabarmendu du hauteskunde kanpainan zehar unibertsitateko eragile guztiek izan dutela hautagaitza bakoitzaren «proposamenak» ezagutzeko era. «Eta uste dut bozkatuko dutela jakinda zeren alde bozkatzen duten. Guk espero dugu gure alde izatea, baina edozein kasutan unibertsitatea da prozesu honetatik irabazle aterako dena».

Parte hartzeko deia egin dute bi hautagaiek; Bengoetxeak %10eko langa gainditzea espero dutela nabarmendu du. Egunotan igarri du mugimendua, gaur goizean goizetik ere bai, eta hori parte hartze datuetan igarriko den itxaropena du. «Espero dut sumatuko dela, eta kemena hartuko duela unibertsitateak energia honetatik». Ondoren, gaur iluntzean ikusiko diren datuak aztertuta, hausnarketa egingo beharko dela esan du. «Unibertsitatean gaude, azterketak egiten dira, eta hau da gure azterketa, eta, neurri batean, unibertsitate osoaren azterketa ere bada, zein neurritaraino nahi duen inplikatu eta eragin bere botoen bitartez».

Boz hauetan bi hautagaitza egon dira, aurrekoan ez bezala; 2020an Eva Ferreira izan zen hautagai bakarra. Lehiak orain onura agerikoa ekarri duela uste du Bengoetxeak. «Auzi garrantzitsuen inguruan eztabaidatzeko era egon da». Lehiaz harago, hitz eta salaketa gordinak ere egon dira kanpainan. Deigarriena izan zen Eva Ferreiraren taldeko kide Guillermo Quindosek dimisioa aurkeztu behar izan zuela kanpaina betean; jakin zen kontu anonimo bat sortu zuela sare sozialetan horren bidez mezu iraingarriak zabaltzeko Bengoetxearen hautagaitzaren inguruan, eta hori izan zen dimisioaren motiboa. Eztabaida publikorako bideak-eta mugatu nahi izana ere egotzi diote Ferreiraren taldeari. Alde horretatik, oso mugitua izan da kanpaina.

(ID_14463778) (/@FOKU) 2024-11-26, Donostia. UPV/EHUko errektoretzarako hauteskundeak
Joxerramon Bengoetxea, gaur, botoa ematen. MAIALEN ANDRES / FOKU

Lohi horietan ez du sartu nahi izan gaur Bengoetxeak kazetarien aurrean egin dituen adierazpenetan. Jendea botoa ematera agertzea nahi du, baina esan du ez lukeela nahi albiste horien inguruan sortu den oihartzuna izatea horretarako motiboa. «Baizik eta proposamenengatik, eta hautagaitza bat baino gehiago daudelako». Izan ere, zalaparta sortu duten albiste horiek guztiak zenbaitentzat mobilizaziorako akuilu izan badira ere, beste zenbaitentzat uxatzaileak izan daitezkeen susmoa du.

Eva Ferreirak ere hauteskundeen garrantzia nabarmendu nahi izan du, eta mezu bat plazaratu du horretarako. «Gaur oso egun garrantzitsua da unibertsitate komunitatearentzat. Datozen sei urteetarako euskal unibertsitate publikoaren etorkizuneko programa eta lidergoa erabakiko ditugu», azaldu du. Botoa ematera deitu du, eta «errespetuz eta lasaitasunez» aritzera.

(ID_14463899) (Jaizki Fontaneda/@FOKU) 2024-11-26, Bilbo. UPV/EHUko errektoretzarako hauteskundeak
Eva Ferreira, gaur, botoa ematen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Bide batez, «unibertsitateko balioen» goraipamena egin nahi izan du, eta horiek «gezurretatik eta salaketa faltsuetatik» urrun daudela gogoratu du. «Euskal Herriko Unibertsitatea da euskal gizarteak ondoen baloratzen duen erakundea. Horrela izatean jarrai dezala da gure apustua». Errektoretza lortu zuen Ferreirak 2020ko azaroan: boto haztatuen % 66,2 alde izan zituen hauteskunde haietan. Parte hartzea %7,7koa izan zen. 2016koarekin alderatuta, apala; orduan %12koa izan zen.

Boto haztatua

50.590 pertsona daude botoa ematera deituta gaur EHUn. Ikasle, irakasle eta bestelako langile: denek eman dezakete botoa. Denen botoak ez du, ordea, berdin balio; boto haztatua da. Unibertsitatearekin lotura iraunkorra duten 2.326 irakasle doktoreen botoak %56ko pisua du emaitzetan. Botoa eman dezaketen ikasleak 42.827 dira; haien botoek balio dezente txikiagoa du, %22koa. Atzetik, unibertsitateko gainerako kategoriak datoz, oraindik ere ehuneko apalagoekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.