Joan zen azaroaren 26an irabazi zituen Joxerramon Bengoetxearen taldeak EHU Euskal Herriko Unibertsitateko errektoretzarako hauteskundeak, eta urtarrilaren 27an hartu zuen errektore kargua. Gaur, Bengoetxea buru dela, lehenengoz bildu da gobernu kontseilua. Bilera horretan, ohar baten bidez azaldu dutenez, Bengoetxearen taldeak hasi berri den agintaldiko ildo nagusien berri eman du: campusak «indartzea», pertsonak zaintzea, gizarteari zerbitzua ematea, sareak eta digitalizazioa bultzatzea, komunikazioa sustatzea eta «kudeaketa eraginkorra» lortzea.
Bileran, gobernu kontseiluko kideen heren bat berritu dute; izan ere, errektoretza talde berriko 11 kide kontseilukide dira dagoeneko, eta beste lau kideek gaurko bileran hasi dute beren jarduna.
Horrez gainera, zenbait erabaki ere hartu dituzte, besteak beste irakasle laguntzaile doktoreentzat 41 lanpostuko deialdi bat egitea —horietatiko zortzi berriak dira—; Tekazel kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako teknikarien zortzi lanpostu sortzea; eta graduondokoen eskaintzan zortzi master ofizial proiektu berri sartzea.