EHUko derrigorrezko kredituen %78, euskaraz

Euskararen Plan Gidaria berritu ordez, urtebetez luzatzea erabaki du EHUk, hauteskundeak pasatu arte

Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2012ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
EHU Euskal Herriko Unibertsitateak eskaintzen dituen gradu ikasketetan euskarak duen presentzia handitu egin da, 2007-2012 aldirako Euskararen Plan Gidariaren ebaluazioak agertu duenez. Eskaera «nahikoa» zenean graduak euskaraz eskaintzea zen egitasmoaren helburu nagusietako bat; bada, derrigorrezko kredituen %78 euskaraz eskaini zituen EHUk 2011-2012ko ikasturtean. Eskaintzarekin batera, eskariak ere gora egin du: aurten, lehen mailako ikasleen %45 matrikulatu dira euskaraz, aurreko ikasturtean baino %4 gehiago.

«Graduetan ezingo dugu askoz gehiago aurrera egin», adierazi zuen atzo Iñaki Goirizelaia EHUko errektoreak. Hala ere, oraindik zaila da hainbat titulazio osorik euskaraz ikastea. 85 graduetatik hamarretan, lehen bi kurtsoak baino ez daitezke euskaraz egin, A eredua deiturikoan; beste hamabik derrigorrezko irakasgai guztiak eskaintzen dituzte euskaraz, B ereduan. Gainerako graduak C, D edo D+ ereduetan daude: irakasgai denak eman daitezke euskaraz, edo euskarazko eskaintza gaztelaniazkoaren parekoa edo handiagoa da. Hortaz, aurten EHUn sartu diren ikasleen %88k graduko ikasketak osorik edo ia osorik euskaraz egiteko aukera izan dute, hiru ereduotan.

Irakasle elebidunen kopurua %45era igo da, eta horien artean dauden doktoreen kopurua ere %61era heldu da. Graduondoko ikasketetan, berriz, «ez da lortu euskararen presentzia nabarmena bermatzea», EHUk onartu duenez, eta ildo horretan, euskarazko doktore tesiek oraindik kopuru txikia hartzen dute: iaz 29 irakurri ziren —2007an, hemeretzi—, tesi guztien %8,84.

2007an onartu zuen unibertsitate publikoak Euskararen Plan Gidaria. 2012ra arteko iraupena du, baina, egitasmo berria prestatu ordez, itxarotea erabaki du EHUk: planaren luzapena eta egokitzapena egingo du, 2013ko abendura arte. Bi arrazoi eman dituzte. Batetik, Eusko Jaurlaritzaren euskara plangintzatik kanpo geratzen ari da EHU, unibertsitatearen plana urtebete aurreratuago doalako eta, beraz, berandu heltzen zaizkiolako gobernuaren aholkuak eta irizpideak. Bestetik, datorren urte hasieran hauteskundeak egingo dituzte EHUn, eta errektoretza talde berriaren esku utzi nahi dute plana berritzea.

Ikasle Kontseiluaren mozioa

EHUk uztailean egingo duen gobernu kontseiluan eztabaidatzeko mozioa aurkeztu du Ikasle Kontseiluak, unibertsitateko hezkuntza publikoaren defentsan. Mozioa onartzea eta gobernu kontseiluak «jarrera hartzea» espero dute ikasleek. Haien ustez, unibertsitate komunitate osora zabaldu behar da erreformen eraginari buruzko eztabaida, errektoretza taldera mugatu gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.