Xabier Aierdi eta Jose Enrique Antolin irakasleak epaituko dituzte, Getxoko Auzitegian, bi deportaturen ikasketekin lotuta prebarikazioa egitea egotzita. EHUk ohar batean jakinarazi duenez, 1992-1993 eta 2001-2002 ikasturteetan Egoera Bereziko Ikasleen Sistemaren barruan bi deportaturen matrikulazioa tarteko prebarikazioa egitea leporatzen diete. Ikasturte horietako zati batean dekanordea zen Antolin, eta tutorea Aierdi.
2005ean abiatu zuten ikerketa. 36 pertsonak deklaratu dute inputatu gisa, eta beste hemezortzik lekuko gisa. 5.000 orriko espedientea osatu dute Auzitegian.
EHUren gobernu kontseiluak «sostengua eta elkartasun osoa» agertu die bi irakasle horiei. Biek «lan egokia» egin dutela uste du gobernu kontseiluak, eta epaiketa egin ostean Auzitegia ere ondorio horretara iritsiko den itxaropena azaldu du. Irakasle horiek beraiei zegozkien eginbideak bete zituztela nabarmendu du kontseiluak, eta ez daukatela erantzukizunik deportatuen matrikulazioan eta ebaluazioan. Gainera, gogora ekarri du Auzitegi Konstituzionalak preso ikasleei buruzko epaian dioela unibertsitateari berari dagokiola «urruneko hezkuntza zerbitzuaren baldintzak arautzea».
EHUko bi irakasle epaituko dituzte bi deportaturen ikasketengatik
Xabier Aierdi eta Enrique Antolin epaituko dituzte Getxon, prebarikazioa egitea egotzita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu