EHUren Arabako campuseko eraikin guztiak hustu behar izan dituzte, ikasleek ke potoak jarri dituztelako

Unibertsitatearen esanetan, IA Ikasle Abertzaleak taldeak ostegunerako deitu duen grebaren harira ipini dituzte ke potoak. EHUk gertatutakoa gaitzetsi du: «Hau ez da bidea».

EHUren Gasteizeko campuseko Letren Fakultatea, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
EHUren Gasteizeko campuseko Letren Fakultatea, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2025eko martxoaren 11
15:46
Entzun 00:00:0000:00:00

EHU Euskal Herriko Unibertsitateak jakinarazi duenez, gaur goizean hainbat ikaslek ke potoak jarri dituzte Arabako campuseko ikastegi guztietan, eta, ondorioz, eraikin guztiak hustu behar izan dituzte. Errektoretza taldeak berehala gaitzetsi du gertatutakoa: «Hau ez da bidea».

Unibertsitateak ohar bat argitaratu du, eta, bertan ziurtatu dutenez, Ikasle Abertzaleak taldeak ostegunerako deitu duen grebaren harira jarri dituzte ke potoak ikasleek; hain zuzen, IAk grebara deitu ditu ikasleak «gorakada erreakzionarioa» salatzeko eta «ikasle langileen» interesen alde egiteko.

EHUk nabarmendu du babesten dutela ikasleek unibertsitatean beren aldarrikapenak plazaratzea, baita horretarako beharrezkoak diren «komunikazio bideak» baliatzea ere, betiere «modu baketsuan eta errespetuz» egiten badute. Uste dute gaur ez dela horrela izan: «Gaurko ekintzek ez dituzte oinarrizko parametro horiek bete, eta larritzat jotzen dugu ke potoak erabiltzea».

Izan ere, ohartarazi dutenez, horrelakoek «ondorio pertsonal kaltegarriak» eragin diezazkiekete komunitateko kideei. Hori dela eta, zera nabarmendu du EHUk: «Errespetuan, zaintzan eta ondasun publikoen erabilera arduratsuan ardaztutako komunitate aktibo eta aldarrikatzailea sustatzeko nahia eta konpromisoa plazaratzen dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.