Unibertsitatera sartzeko probak uztailaren 6tik 8ra bitartean egingo dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Espainiako Hezkuntza ministro Isabel Zelaa erkidegoetako ordezkariekin bildu da, eta epe bat ezarri die, ekainaren 22tik uztailaren 10era bitartekoa. Bertan parte hartu dute Carlos Gimeno Nafarroako Hezkuntza kontseilariak eta Cristina Uriarte Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak.
Tarte horretan, Euskal Herriko Unibertsitateak uztailaren 6tik 8ra egingo du ohiko deialdia, eta uztailaren 20tik 22ra ezohikoa. Ohiko deialdiaren emaitzak uztailaren 15ean jakinaraziko dituzte, eta ezohikoenak, hilaren 29an. Gimenok, berriz, azaldu du Nafarroako Unibertsitate Publikoak ekain amaieran egingo duela ohiko deialdia, eta uztailaren bigarren hamabostaldian ezohikoa, data zehatzik eman gabe. Sare publikoko eta itunpeko 4.489 ikasle daude deituta proba horretara Nafarroan.
Jaurlaritzak adierazi duenez, «bere eskumen berezitasunagatik definitutako eskumen eremuan oinarrituta, Euskadi arduratuko da egungo probak egokitzeaz, ebaluazio irizpideak berrikusteaz edo proba mota malgutzeaz. Lan hori Euskal Herriko Unibertsitatearekin koordinatuta egingo da». Uriartek azaldu du «oso garrantzitsua» dela data zehaztea, hezkuntza komunitateak lanak antolatu ditzan.
Hego Euskal Herrian, aurreko astean jakinarazi zen hautaproba atzeratzeko erabakia, baina zehazteke zegoen ikasturte honetan egingo ote ziren, eta noiz. Adostu dute «azterketa eredua salbuespen egoerara» egokitzea, horrek ikasleei eragin ez diezaien. Espainiako Hezkuntza Ministerioak eman du albistearen berri, ohar batean; halaber, jakinarazi du Lehen Hezkuntzako hirugarren eta seigarren mailetan bertan behera utzi dituztela eta DBHko laugarren mailan egin ohi diren ebaluazio diagnostikoko probak.
Lan eskaintza, aurten
Bileran, Uriartek azaldu du Hezkuntza Saila Enplegu Publikorako Eskaintza atzeratzeko aukera aztertzen ari dela. Ekainaren 20rako dago aurreikusita lehen azterketak egitea. Gertaeren bilakaeraren arabera, Eusko Jaurlaritzak data hori atzeratu dezake, «baina betiere Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoentzako enplegu eskaintza publikoari eusteko konpromisoari eutsiz».
Nafarroak, berriz, "aurreratuta" dauzka zeregin administratiboak, eta egokitu egin daiteke erkidegoek erabakitako edozein datara.