Koronabirusa

EHUk uztailaren 6tik 8ra egingo du selektibitatea; ekain amaieran NUPek

Proben ezohiko deialdia uztailaren bigarren hamabostaldian egingo dute. Ebaluazio diagnostikorik ez dute egingo kurtso honetan

Unibertsitatera sartzeko probak, Iruñean, 2018an. IÑIGO URIZ / FOKU.
jon olano
2020ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Unibertsitatera sartzeko probak uztailaren 6tik 8ra bitartean egingo dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta ekain amaieran Nafarroan. Espainiako Hezkuntza ministro Isabel Zelaa erkidegoetako ordezkariekin bildu zen atzo, eta bileran parte hartu zuten Carlos Gimeno Nafarroako Hezkuntza kontseilariak eta Cristina Uriarte Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak.

Euskal Herriko Unibertsitateak uztailaren 6tik 8ra egingo du ohiko deialdia, eta uztailaren 20tik 22ra ezohikoa. Ohiko deialdiaren emaitzak uztailaren 15ean jakinaraziko dituzte, eta ezohikoenak, hilaren 29an. Gimenok, berriz, jakinarazi zuen Nafarroan ez dituztela datak zehaztu, baina gutxi gorabeherakoak eman zituen: ekainaren amaieran egingo dute ohiko deialdia, eta uztaileko bigarren hamabostaldian ezohikoa. Ikasleek kezka adierazia zuten selektibitatearen eta baxoaren inguruan.

Jaurlaritzak adierazi duenez, «bere eskumen berezitasunagatik definitutako eskumen eremuan oinarrituta, Euskadi arduratuko da egungo probak egokitzeaz, ebaluazio irizpideak berrikusteaz edo proba mota malgutzeaz. Lan hori Euskal Herriko Unibertsitatearekin koordinatuta egingo da». Uriartek azaldu du «oso garrantzitsua» dela data zehaztea, hezkuntza komunitateak lanak antolatu ditzan.

Hego Euskal Herrian, aurreko astean jakinarazi zen hautaproba atzeratzeko erabakia, baina zehazteke zegoen ikasturte honetan egingo ote ziren, eta noiz. Adostu dute «azterketa eredua salbuespen egoerara» egokitzea, horrek ikasleei eragin ez diezaien. Espainiako Hezkuntza Ministerioak eman du albistearen berri, ohar batean; halaber, jakinarazi du Lehen Hezkuntzako hirugarren eta seigarren mailetan bertan behera utzi dituztela eta DBHko laugarren mailan egin ohi diren ebaluazio diagnostikoko probak.

Lan eskaintza publikoari dagokionez, Uriartek azaldu zuen Jaurlaritza aztertzen ari dela ekainaren 20an egitekoak diren proba atzeratzeko aukera. Nafarroak, ordea, «kudeaketa administratiboak nahikoa aurreratuta» dauzka, eta «egokitu daiteke jokaleku ezberdinetara», Gimenoren arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.