EHUk salaketa jarriko die Bilboko itxialdian parte hartu zutenei

Herri Unibertsitateko partaideek «kalteak» eragin dituztela dio Balluerka errektoreak. Ostegun goizaldean, Ertzaintzak 203 ikasle irtenarazi zituen Ingeniaritza fakultatetik

Ikasleek EHUren bertsioa gezurtatu zuten atzo, Bilbon eginiko agerraldian. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2017ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
EHUk salaketa jarriko du ostegun goizaldean Bilboko Ingeniaritza Eskolatik kaleratu zituzten ikasleen aurka. Nekane Balluerka errektorearen arabera, protestako partaideek ateei eta janaria saltzeko makinei «kalte egin» zieten, eta «kristalak apurtu» zituzten. Ikasleek, baina, hustea «baketsua» izan zela adierazi dute. Ertzaintzak Herri Unibertsitatean parte hartzen ari ziren 203 ikasleak irtenarazi zituen Ingeniaritza fakultatetik, identifikatu ondoren.

Balluerkaren iritziz, «horrelako jarrerek ez daukate tokirik EHUn», eta Ertzaintzari deitzeko erabakia babestu du. Ikasleek azaldu dute, ordea, gertakarien sekuentzia ez zela EHUk adierazi bezala izan. «Hainbatek besterik zabaldu badute ere, San Mamesko zuzendaritzak gu kanporatzeko asmo argia adierazi zigun arratsaldean izandako bileran. Gainera, errektoretzako bi ordezkarik ere joan den urtean bezalaxe aurten ere kanporatuko gintuztela baieztatu ziguten; are gehiago, horietako batek telefonoz asmo hori baieztatu ondoren aktibatu genuen protokoloa». Atzo iluntzean emandako prentsaurreko batean adierazi zuten kanporatzea ez zela izan «arauak betetzearen edo ez betetzearen» ondorio. «Horren adibide argia da beste campusetan egindako Herri Unibertsitateetan ere ez ditugula EHUren arauak bete, eta gainontzeko dekanoak ez direla ausartu gu kanporatzera».

Baldintzak «urratu»

Astelehenetik egin dute Herri Unibertsitatea Euskal Herriko hainbat fakultatetan, eta asteazken arratsaldean Bilboko Ingeniaritza Eskolan elkartu ziren ikasleak; hitzaldiak eta bestelako ekinbideak antolatuta zeuzkaten. Arratsaldeko solasaldiak egin ondoren, fakultatean lo egiteko asmoa zuten, baina irtenaraziko zituztela jakinarazi zuen EHUk. Ikasleak eraikinaren teilatura igo ziren, baina Ertzaintza haraino joan zen. Ordu batzuen buruan eta ikasleekin hitz egin ondoren, Ertzaintzak denak identifikatu eta kanporatu zituen. Ikasleek aurrez ohartarazi zuten eraikina husteko arriskuaz, izan ere, Ertzaintzaren sei furgoneta azaldu ziren fakultate ingurura bazkalostean. Iluntzean alde egin zuten poliziek, baina gauean itzuli ziren dozenatik gora furgoneta.

Herri Unibertsitateko partaideak kanporatu aurretik, EHUk ohar bat bidali zuen komunikabideetara, esanez ikasleek «behin eta berriz» urratu zituztela jarritako baldintzak: besteak beste, EHUk dio ez zituztela baimendutako gelak erabili, gaua pasa zezaketen lagunen kopurua gainditu zutela, eta janaria prestatzeko su txikiak eta gas bonbonak erabili zituztela, nahiz eta, segurtasun kontuak direla medio, horretarako debekua izan. «Adostutako arauak» bete gabe «inork» ezin dituela eraikin publikoak erabili ohartarazi zuen EHUk oharrean.

Herri Unibertsitateak, ordea, Bilboko fakultatean jazotakoa «sistema kapitalistaren barruan» kokatu zuen: «Produkzio eredu honi ez zaio komeni Herri Unibertsitatean landuko dugun jakintza ekoizpena barneratzerik». Ekitaldian, «herritik eta herriarentzat» izango den hezkuntza eredua irudikatu nahi izan zuten ikasleek. «Hezkuntza alienatzaile honen bukaera, eta zapalduon ahalduntzea ipar izango duen hezkuntza ereduaren beharra aldarrikatu dugu».

Elkarrizketarako deia

LAB sindikatuak, berriz, elkarrizketaren bidez konponbidea topatzeko eskatu die EHUko agintariei eta ikasleei: «Egunerokotasunean sor daitezkeen desadostasun, iritzi kontrajarri eta bestelakoei era elkarrizketatu eta adostuaren bidez konponbidea topatzeko benetako saiakerak egiteko deia egiten diegu». Gainera, EHUri esan dio ikasleen aurka mozal legea aplikatzeko neurriak bertan behera uzteko.

Sindikatuak dioenez, unibertsitate-komunitate osoaren eskubide «demokratikoak» bermatu behar dira. Ekitaldiak antolatzea, unibertsitatearen instalazioak erabiltzea eta itxialdia egitea eskubide horien adierazle direla iritzi dio LABek. «Eskubide horien egikaritzean, baina elkarren arteko begirunea eta errespetua ezinbestekotzat jotzen dugu». Sindikatuaren arabera, EHUk «eztabaidarako, ekinbidetzarako, eta pentsamendu kritiko eta autokritikorako gune» izan behar du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.