EHUk lantokira ez joateko eskatu die haurdun edo edoskitzaroan dauden Eibarko Ikastegiko langileei

HHn eta LHn haurrak ez dira kalera aterako jolasgaraian, dioxina eta furano ugaritik babesteko.

Telebista kate bateko bi langilek, Zaldibarko zabortegiaren inguruan, airetik babesteko maskarak jarrita. JUAN HERRERO, EFE
jon ordonez garmendia
2020ko otsailaren 17a
07:37
Entzun

Prebentzio neurriak ikastetxeetara zabaltzen ari dira gaur Zaldibarko zabortegiaren inguruetan. Posta elektronikoz zabaldutako zirkular baten bidez, EHUk  Eibarko ikastegiko langileei eskatu die ez joateko lanera baldin eta haurdun edo edoskitzaroan badaude. Hala baieztatu du BERRIAk, sare sozialetan erabiltzaile batek oharraren berri eman ondoren.

Zirkular baten bidez egin die eskaera EHUk bere langileei. Unibertsitateko Prebentzio Zerbitzuak egin duen eskaera bat da: «Baldin eta ikastegian haurdun edo bularra emateko egoeran dauden emakumeak badaude, ikastegira ez joateko, joan-etorriak ahalik eta gehien murrizteko eta egon litekeen arriskutik urrun egoteko». EHUk gaineratu du Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legean ezarritakoaren arabera, haurdun eta edoskitzaroan dauden langileak «bereziki sentiberak» diren langile gisa identifikatzen dira. Kanpoko kontratei ere helarazi die eskaera, mezuan dioenez.

BERRIAk eskuratu duen zirkular horretan, ostiralaz geroztik Eusko Jaurlaritzak emandako prebentzio neurrien berri eman du EHUk. Azaltzen du atzemandako dioxina eta furano mailek ez dakartela «berehalako arriskurik osasunarentzat», baina kautela neurriak hartzeko gomendatu duela Osasun Sailak. Haurdun eta edoskitzaroan dauden langileei egin zaien eskaera gutxienez ostegunera arte luzatuko da «harik eta normaltasuna adierazten duten ebidentzia objektiboak eduki arte». Ostegunean dioxina eta furano mailaren gaineko emaitzak berriak emango dituzte.  

Prebentzio neurriak HHn eta LHn

Zaldibarko, Ermuko eta Eibarko HH eta LHko ikastetxeetan ere ezohikoa da gaur eguna. Ostiralean jakin zen airearen analisiaren emaitzaren eraginez, ikasle horiek gaur ez dira kanpora aterako jolasgaraian, eta eskola barruan egingo dituzte tarte horri dagozkion jarduerak. Hala erabaki dute hiru herri horietako ikastetxeetako zuzendaritzek, haurrak airean neurtu den dioxina eta furano ugaritik babesteko.

«Eusko Jaurlaritzak adierazitako prebentzio neurriei jarraituz (ahal den neurrian, aire zabaleko kirol jarduera intentsiboak murriztea gomendatzen da neurri horietan), honako hau jakinarazten dizuegu: Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleen eskola jarduera guztia eraikin barruan eta gimnasioan egingo da. Ez da Gorputz Hezkuntzako jarduerarik izango, igeriketa ikastaroa izan ezik. Komunikazio gehiago jaso ahala, zuek informatzen jarraituko dugu». Ohar hori jarri zuten atzo Ermuko San Lorenzo eskolan, Zaldibarko zabortegitik 400 metrora.

Joan den astean airearen kalitatea ona zela esan ostean, ostiralean jakinarazi zituzten hilaren 9an hartutako aire laginen analisien emaitzak. Normalean baino 40 eta 50 aldiz handiagoa da dioxina eta furano maila Verter Recyclingen zabortegiaren inguruan. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak zenbait aholku eman zituen: etxeak ahalik eta gutxien egurastea, batez ere gauez leihoak itxita edukitzea, eta kanpoan kirola eta ariketa fisiko gogorrik ez egitea.

Ermuan bilera batera deitu dituzte herritarrak gaur arratsalderako. Ostiralean, Osasun sailburuorde Iñaki Berraondok, Osasun Publikoko zuzendari Juanjo Aurrekoetxeak eta Jesus Ibarluzea adituak lasaitasun mezua eman nahi izan zuten: dioxinak soilik epe luzera dira kaltegarriak, gorputzean kantitate handian metatzen badira; epe laburrean ez dira arriskutsuak, eta nazioarteko osasun erakundeek ez dute ezarri kaltegarria izan daitekeen gehieneko maila bat. Atzo mezu hori berretsi zuen Jaurlaritzak. Hala ere, bertan behera utzi zuten atzo jokatzekoa zen Eibarren eta Realaren gizonezkoen taldeen arteko futbol partida. Eskola kirolik ere ez da izan asteburuan.

Airearen analisiaren emaitza jakin ondoren, herritarren kezka agerikoa zen larunbatean inguruko herrietan, eta «inpotentzia», «kezka» eta «mesfidantza» adierazi zioten larunbatean BERRIAri. Larunbat arratsaldean manifestazio jendetsu bat egin zuten, oraindik ere desagertuta dauden senideei babesa emateko eta erantzukizunak eskatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.