EHUk esan du ez duela erlaziorik izango Palestinako krimenak gaitzesten ez dituzten Israelgo erakundeekin

Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak 'Palestina laguntzeko manifestua Gazako hondamendi humanitarioaren aurrean' izeneko adierazpenaren bidez gaur onartu dituen konpromisoetako bat da

EHUren ikasturte hasierako ekitaldia, iazko iralean, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
EHUren ikasturte hasierako ekitaldia, iazko irailean, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
arantxa iraola
2024ko apirilaren 24a
13:45
Entzun

Aldeko 40 boto izan ditu; kontrako bi. Era horretan onartu du gaur EHUko Gobernu Kontseiluak Palestina laguntzeko manifestua Gazako hondamendi humanitarioaren aurrean izeneko agiria. Palestinako gatazka bideratze aldera, lau eske egin ditu, NBE Nazio Batuen Erakundeak auziari buruz esandakoak aintzat hartuta, eta nazioarteko zuzenbidea errespetatzeko eskatuz. Hainbat konpromiso ere hartu ditu erakunde moduan: besteak beste, erlaziorik ez duela izango Palestinako krimenak gaitzesten ez dituzten Israelgo erakunde eta unibertsitateekin.

Horra zer hitzekin zehaztu duen konpromisoa: «Harreman komertzialik edo akademikorik ez ezartzea eta berrikustea giza eskubideak, nazioarteko zuzenbidea edo Nazio Batuen Erakundeak Palestinako egoerari buruz emandako ebazpenak errespetatzen ez dituzten eragileekin». Unibertsitatearen Kode Etikoak horretarako oinarri sendoa ematen duela esan dute, eta zehaztu egin dute bereziki norekin ez duten harremanik izango: «Palestinan gertatzen ari diren gizateriaren aurkako krimenak berariaz gaitzesten ez dituzten Israelgo unibertsitate eta erakundeekin».

Hainbat ahotsek aurrez salatua zuten EHUk harremanak dituela Israelekin. Besteak beste, martxoaren 18an IA Ikasle Abertzaleek agerraldi bat egin zuten, eta, beste hainbat kexuren artean, unibertsitateak gai honetan duen jarrera salatu zuten: «Israelgo estatu sionistaren genozidioa salatu eta horren aurrean jarrera aktiboa eduki ordez, EHUko errektoretzak Israelgo Estatuarekin akordioak egitea erabaki baitu». Horrez gain, esan zuten klaustroko 128 kide Israelekin kolaboratzearen aurka agertu zirela, eta errektoretzak isilarazi egin zituela. Bereziki, Zibersegurtasun Katedra sortzearekin batera EHUk Israelgo erakundeekin erlazioak abiarazteko zituen asmoen harira piztu dira kritikak unibertsitate barruan.

Gaur onartu duten agiriaren arabera, «terrorismo eta indarkeria mota guztien aurka» dago unibertsitatea, eta unibertsitatearen estatutuetan eta Kode Etikoan argi jasota dago hori. «Indarkeriazko portaerak unibertsitatearen zerizanaren eta xedearen kontrakoak dira, eta ezin gara, beraz, isilik egon». Aurrez ere, munduko hainbat «zorigaiztoko gertakariren» harira hitz egin izan dutela gogoratu dute: 2023ko azaroan Ukrainaren aurkako Errusiaren «erasoa eta inbasioa» gertatu zenean, esaterako, eta iazko urrian ere bai, Hamasek eraso batean 1.100 lagun baino gehiago hil ostean.

Gazako egoerak «okerrera» egin duelako hartu nahi izan dute orain hitza, aditzera eman dutenez: «Erasoek ez dute etenik izan, eta gorantz jarraitzen du hildako palestinar zibilen kopuruak: 33.000 hildako baino gehiago, haur palestinarrak gehienak. Errekor tristea, inondik ere, azkenaldiko beste gatazka batzuenak gainditzen dituena». Egoeraren lazgarritasuna erakuste aldera, beste hainbat datu ere nabarmendu dituzte: «Palestinako unibertsitateetako 95 irakasle hil dira, hiru errektore tartean, eta milaka eta milaka dira unibertsitate ikasketak eten behar izan dituzten ikasleak». Alde horretatik, nabarmendu dute nazioarteko hainbat erakundek «sarraskitzat» jo dutela Gazan gertatzen ari dena, eta Nazio Batuen Erakundeko Palestinako kontalariak berak «genozidio harrotzat» jo duela.

Propio erakunde gisara hartu dituen konpromisoen artean, Israelgo erakundeekin harremanak eteteko asmoaz gain, honako hauek ere hartu ditu unibertsitateak. Boluntariotza programa «berezi bat» agindu du Palestinako iheslarien alde, errefuxiatu horien arretarako programa zabalduko duela esan du, giza eskubideen eta bakearen kulturaren gainean gogoetatzeko aparteko ahalegin bat egingo duela, eta egitasmo bateratuak egingo dituela CRUE Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentziaren barruan, Gazan «berehalako» su etena ezar dadila eskatzeko.

Adierazpen «hutsa»

Palestinaren aldeko Leioako unibertsitate sareak testua «asmo onen» adierazpen «hutsa» dela deitoratu du. Kritikatu egin dute, besteak beste, adierazpenean «genozidioa» izendatzeko hautatu duten era: «hondamendi humanitarioa» dela jarri baitute. Testuan «terrorismoa» gaitzetsi izana ere ez zaie ondo iruditu, eta gatazkaren «izaera politikoa» ukatu egiten dela esan dute.

Harago egin behar dela uste dute, eta eskari jakin bat egin dute horren harira: «Gure unibertsitateak erregimen sionistarekin zuzenean edo zeharka kolaboratzen duten enpresa eta erakundeekin harremanak apurtzeko neurri konkretuak eskatzeko batzorde bat sortzea eskatzen dugu».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.