Sare sozialetan iruzkin «arrazistak, klasistak, matxistak eta misoginoak» zabaldu zituen irakaslea kaleratzea erabaki du EHUk. Zuzenbide Fakultatean ordezko irakaslea zen, eta hango ikasleek aurkeztutako kexa baten ondorioz ikerketa bat zabaldu zuen unibertsitateak. Errektoretzak ebatzi du Lanaren eta Gizarte Segurantzaren zuzenbidea I ikasgaiko irakasleak ez duela probaldia gainditu, eta, ondorioz, ordezko irakasle lanpostutik kentzeko erabakia hartu du. Ordezkapenak egiteko lan poltsatik ere kanporatu egin dute.
Ikusi gehiago
Joan den urriaren 3an zabaldu zuen ikerketa errektoretzak, ikasle talde batek aurkeztutako kexa baten ondotik. Zuzenbide Fakultatean protesta jendetsua egin zuten irakasleak zabaldutako mezuak salatzeko, eta gizonezkoak EHUko Leioako campuseko segurtasun langileek lagunduta irten behar izan zuen.
Protesta haren ondotik, EHUk indarkeria matxistaren aurkako prozedura ireki zion irakasleari, eta kautelazko neurri gisa haren jarduna etetea erabaki zuen, hark sare sozialetan idatzitakoa «bateraezina» delako unibertsitatearen kode etikoarekin. Ordutik ez du eskolarik eman.
Prozedura administratiboa abiarazi zuen orduan, lan kontratua eten eta irakaslea lanpostutik kentzeko. Beharrezko txostenak egin eta alegazioak aurkezteko epea igarota, lan kontratua bertan behera uztea erabaki du errektoretzak, probaldia gainditu ez duela argudiatuta. Unibertsitateak jakinarazi dio ebazpena irakasleari.
Ikerketa zabalik
Barne prozedura abiatzeaz gain, EHUk Gipuzkoako Fiskaltzaren esku —bertan bizi da gizonezkoa— utzi zituen irakasleak sare sozialetan idatzi zituen mezuak, delitu ote ziren ikertzeko. Fiskaltzak tramiterako onartu zuen gaia, eta Ertzaintzari egin zion ikertzeko eskea: txosten bat prestatzeko eskatu zion, gorroto deliturik egon den ala ez argitzeko. Ikerketa zabalik dago, eta gehienez sei hilabete izango dituzte ikertzeko. EHUk iragarri zuenez, oinarriak ikusten baditu, salaketa penal bat jarriko du epaitegian.