EHUk ikertu egingo ditu Zuzenbideko irakasle baten iruzkinak

Ikasle Abertzaleek elkarretaratzera deitu dute astelehenerako, 11:00etan, Leioako Zuzenbide Fakultate aurrean, irakaslea kaleratzea exijitzeko. EHUren arabera, irakasleak sare sozialetan idatzitakoa «bateraezina da» unibertsitatearen kode etikoarekin.

EHUren Leioako campusa.
EHUren Leioako campusa. MITXI / EHU
2024ko irailaren 28a
17:30
Entzun

Ostiral goizean, Leioako Zuzenbide Fakultateko irakasle bat EHUko segurtasun langileek lagunduta atera zen. Irakasle horrek berak sare sozialetan idatzitako mezuak ikusita asaldaturik, ikasle talde batek protesta egin zuen haren aurka. Hark eskola eman behar zuenean, 11:30ean, gela utzi zuten ikasleek, eta protesta egin zuten gelaren kanpoaldean. Irakaslea handik bi ordura irten zen, haren eskolak bukatu behar ziren orduan, eta irteeran ikasleek haren aurka egin zuten oihu, hura kaleratzeko eskatuz.

EHUk ikasleen jarrera gaitzetsi du hasieran, eta gerora jakinarazi du irakaslea ikertu egingo dutela. «Irakasleak sare sozialetan, bere eremu pribatuan, egindako iruzkinak ikusita, gure ustez bateraezinak izan daitezke gure unibertsitatearen kode etikoaren printzipio eta balioekin, eta egoera aztertuko dugu», adierazi du. Zabaldutako txioetan aipu matxista eta homofoboak egiten ditu, baita Falangearen aldekoak ere. 

Bezperan, ostegunean, Ernaiko kide batzuek irakasle horren bulegoko atea margotu zuten. Ernaik aldarrikatu zuen ikasturte honetarako «irakasle faxista bat» kontratatu duela EHUk. Gazte mugimendu horrek eman zuen irakasleak idatziriko mezuen berri. Faxismoaren gorakadarekin lotzen dute haren jarrera: «Ez dugu jarrera erreakzionariorik onartuko».

Halaber, Ikasle Abertzaleak taldeak elkarretaratzera deitu du astelehenerako: 11:00etan egingo dute, Leioako Zuzenbide Fakultatean, irakasle hori kaleratzea exijitzeko. IAren arabera, ideia faxistei aurre egin behar zaie. 

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.