EHUk helburuen artean jarri du katedradunen eta irakasle osoen %40 andreak izatea

Berdintasunerako IV. Plana aurkeztu du gaur goizean Eva Ferreira errektoreak, eta EHU arloan «funtsezko erreferentea» dela adierazi du

Zurimendi, Ferreira eta Leiñena, gaur, plana aurkezten. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Zurimendi, Ferreira eta Leiñena, gaur, plana aurkezten. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
arantxa iraola
2024ko uztailaren 22a
13:00
Entzun

Gaur goizean Bilbon egindako agerraldi batean aurkeztu dute EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen Berdintasunerako IV. Plana. 79 jardun lerro ditu, eta 2028ra arteko asmoak. Nabarmendu dute emakumeen «lidergoa handitzea» dela helburuetako bat. Horiek horrela, jarri duten helburuetako bat hauxe da: emakume katedradunen eta irakasle osoen ehunekoa %40 inguru izatea. Izan ere, lan kategoriarik handienetan «gutxieneko nabarmena» dira oraindik emakumeak; katedradunen artean, adibidez, %22,7.

Planaren beste xedeetako bat da emakume gazteen artean «bokazio zientifikoa» sustatzea. «Emakumeak nagusi dira Osasunari, Hezkuntzari eta Gizarte Zientziei loturiko diziplinetan; gutxiengoa, berriz, Zientzia, Teknologia eta Ingeniaritza arloetan», onartu dute. Hor ere eragin nahi dute. Plana aurkeztu du gaur Eva Ferreira errektoreak, idazkari nagusi Aitor Zurimendiren eta Berdintasun zuzendari Elena Leiñenaren ondoan.

Planak EHUko Gobernu Kontseiluaren «babes osoa» izan duela nabarmendu dute. Eta EHU arloan aitzindaria dela goraipatu nahi izan du propio errektoreak. Hori nabarmentze aldera, azaldu du CRUE Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentziaren Genero Berdintasunerako Politikak Lantaldearen burua dela EHU, eta lehengo astean Bilbon egin zela talde horren lehen osoko bilkura. «EHU funtsezko erreferentea da genero politiketan, eta genero indarkeriaren aurkako haren protokoloa inspirazio iturri izan da antzeko egitasmoetarako unibertsitate askotan».

Ferreirak nabarmendu du lanketa horretan goraipatu behar dela, halaber, EHU «aniztasunari dagokionez» egiten ari den lana. «LGTBI tematikako lanak sustatzen ditugu, eta pertsona transen eta ez-binarioen izena aldatzeko protokoloa onartu dugu». Gogora ekarri du aurrez egindako diagnostiko lan baten emaitza dela aurkeztu duten plana. Izan ere, «urrats esanguratsuak» egin ditu unibertsitateak berdintasunerako bidean, baina «asmo handiko» helburuak jarri behar dira oraindik, aurrera egiten jarraitze aldera.

Soldata arrakala

Bide horretan, beste helburuetako bat jarri dute unibertsitateko teknikari, eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileei begira. Hor, batetik, lortu nahi dute goiko mailan dauden emakumeen ehunekoa bat etortzea, gutxienez, kolektibo bakoitzeko emakumeen guztizko ehunekoarekin. Langile horiei begira lortu nahi dute, era berean, %10 telelanean aritzea, eta urrutiko lanaren aukerak zabaltzea.

Oraindik konpontzeko dauden arazoen artean dago soldata arrakala ere. Neurtua dute. «Emakumezko langileek gizonek baino %7 gutxiago irabazten dute», onartu dute gaurko agerraldian. Horri begira ere, helburu bat jarri dute: «Soldata arrakala erdira murriztea».

Genero indarkerien aurkako borrokan ere jarraituko dute, horretarako protokoloa «indartuta», eta ahaleginak egiten jarraituko dute «rolak deseraikitzeko» eta emakume gazteak bokazio zientifikoetara erakartzeko.

Plan hau garatzeko 2,5 milioi euro jarriko ditu unibertsitateak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.