Bilboko Elkano Ekonomia eta Enpresa Fakultatean hiru ertzainek hizlari gisa parte hartu behar zuten jardunaldi batzuetan gertutakoa salatu du EHU Euskal Herriko Unibertsitateak: «Errektoretza taldeak erabateko gaitzespena adierazten du jardunaldiak normal egitea eragotzi izanagatik». Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, «zauri arinak» egin zizkioten lanalditik kanpo zegoen ertzain bati lepoan eta eskumuturrean.
Unibertsitate publikoko ordezkariek ohar bidez eman dituzte azalpenak. Atzo, ELSA Zuzenbide Ikasleen Europako Elkarteak antolatuta, jardunaldi batzuk egitekoak ziren. EHUren hitzetan, saioa abiatu aurretik 30-40 pertsonako talde batek Ertzaintzaren kontrako protesta bat hasi zuen, eta jardunaldira joatekoak zirenen sarrera-irteerak oztopatu zituzten. Hiru ertzain hizlari gisa aritzekoak ziren.
Errektoretzak protestarien kontra egin du: «istiluak» deitoratu ditu, eta elkartasuna adierazi dio zaurituari: «EHUk berresten du era horretako ekintzek ez dutela lekurik unibertsitatean, eta unibertsitateko komunitateak ezin dituela ulertu, aipatutako erakundeak (ELSA) libreki antolatutako ekitaldiekiko tolerantziarik eza erakusten baitute». Are, nabarmendu dute gertakariek hizlarien eta ekitaldira bertaratutakoen askatasunaren «errespeturik eza» adierazten dutela, eta besteen ideiekiko «jarrera antidemokratikoa eta ezeztatzailea».
Barkamen eskea
Atzokoa ikusita, EHUko errektoretzak ez du baztertu gisa horretako ekintzen harira neurriak hartzeko aukera ere: «Arazo horrek arduratu egiten gaitu, eta aztertu egingo dugu neurriak hartzea unibertsitatearen balioekin bateraezinak diren era horretako ekintzei aurre egiteko». Jardunaldiak bertan behera utzi zituzten, eta, horregatik, barkamena galdegin du unibertsitateak: «EHUk barkamena eskatzen die unibertsitateko instalazioetara bertaratu ziren eta jardunaldietan parte hartzerik izan ez zutenei hizlariei eta ikus-entzuleei, jardunaldiak bertan behera utzi behar izan ziren eta». Halaber, ziurtatu du haien esku dagoen guztia egingo dutela jardunaldiak lehenbailehen berriro antolatzeko.